Rosa Mar

Rosa María Allende eta Félix Bouzas izan ziren atzo Athleticek Petronorren Zuzendaritzari eskainitako bi tribuna VIPen irabazleak eta, horretara, Athletic eta Bartzelonaren arteko Kopa finala bertatik bertara ikusi ahal izango dute Valentzian.
Zozketa atzo arratsaldean eratu zen Muskizko Jubilatuen Elkartearen baitan eta Valentziara joateko asmoa aldez aurretik azaldu zuten bazkideen artean.

Harrigarri samarra iruditu arren, kontua da Rosa Maria eta Felix senar-emazteak direla eta, beraz, zoriak ustekabean erakarri zuela izan zitekeen aterabiderik pozgarriena. Bi sarrerez gainera Rosa Mariak eta Felixek bereganatu dute hegazkin joan-etorria, gau bi ostatuan dena barne eta Athleticek Mestalla inguruan jarriko duen esparrurako sarbidea.

Bestalde, Muskizko Jubilatuen Elkarteak berak erabaki duenez, Athleticen artikulu bilduma– sei polo, lau elastiko, bi lepoko, bi ikurrin, bi zapi, lau txano, bi motxila, beste bi gorbata eta pin bi– elkartearen bazkideen artean banatuko da.