Imaz: “Etorkizuna guk egiten dugunaren araberakoa izango da”.

Oraintxe bertan, indarberritzen ari diren herrialdeetan, etengabe ari direla sortzen enpresari berriak, gurekin lehiatu nahi izango dutenak, adierazi du gaur Bilbon Josu Jon Imaz Petronorren lehendakariak: “Ba al dakizue zergatik? Gose direlako. Bai gose dira. Eta kasu honetan ez naiz derrigorrez gose fisikoaz ari –nahiz eta zenbaitetan horrela izan–, aurrera egiteko gogoaz baizik, beraiek sekula izan ez duten bizimodua euren seme-alabei eskaini nahiaz, etorkizuna hobetzeko lan-grinaz, seme-alabak ongi prestatzeko adoreaz eta gurekin lehiatzeko ilusioaz”.

Imazek aldarrikatu ditu aurreko belaunaldiaren baloreak, “baserri-korta eta taladrinaren arteko usainaz, gaur egun bizi dugun aberastasunaren oinarriak eragin zituzten enpresari eta profesionalen baloreak”.

Presidenteak amaitu du honako mezu honekin: “Etorkizuna guk egiten dugunaren araberakoa izango da gehienbat. Krisialdi honen irabazleak burrukalariak izango dira, ametsen jabe izango direnak, aurrera begiratzeko gauza izango direnak eta aurrera egiteko gose izango direnak”