Diaz de Ceriorekin Petronor ere hobea izango da

Seguru gero Diaz de Ceriorekin batera Caparros entrenatzailea hobea izango dela, Athletic-a talde hobea, zalego zurigorria zaleagoa eta elastikoa ere, jakina, elastiko hobea.

Athletic-ek Diaz de Cerio jokalari berria aurkeztu duen informazio-giroan, Jorge Valdanok eta Vicente del Bosquek elkarrekin izan dute eztabaidatxoa. Real Madrid-ek azken bolada honetan egindako fitxaje garestiak larregitzat jo ditu nonbait entrenatzaileak eta salatu: klub handiak ez dira fitxaje handiez soilik egiten.  Eta argentinarrak, ohi duen hitz-jarioaz, erantzun: Bistan da ezetz, izar handiek Estatu Batuen aurka galdu zuten-eta.

Auskalo nork duen arrazoia, baina ezin ahaztu gero del Bosqueri ez zitzaizkiola hain txarto iruditu “galaktikoen” garaian Zidane, Figo, Beckham, Ronaldo (Luis Nazario de Suso, ez Cristiano) eta beste hainbaten fitxajeak. Are gehiago, kazetariek galdetu ziotenean zer iruditzen ote zitzaion brasildarraren fitxajea, del Bosquek serio asko erantzun zuen: Ronaldorekin ni entrenatzaile hobea izango naiz.

Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, segurutik Diaz de Ceriorekin batera Caparros entrenatzailea hobea izango da, Athletic-a talde hobea, zalego gorrizuria zaleagoa eta elastikoa ere, elastiko hobea.