Muskizek 7.200 ibilgailu ekidin nahi du egunero

Muskizko Udalak zeharbide-egitasmoa aurkeztu du herrian zeharreko trafikoa murrizteko. Zeharbide berriak Las Carrerasko aldatza eta Kotorrio errekaren zubia elkartuko lituzke, Petronorren Findegia eta Malecon futbol zelaiaren artean.

Helburua egunero Muskizko erdigunetik pasatzen diren 7.205 ibilgailu ekiditzea da, zeinetatik 520 kamioiak eta ibilgailu astunak diren.

Mugikortasun-plan hau urtebeteko lanaren ondotik burutu da 30.000 euroren inbertsioaz, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza lortu gura du. Gonzalo Riancho alkateak esan bezala: “denbora eta erakundeen arteko ituna behar izango dituzten egitasmoak dira eta oinarriak ezarriak dira honez gero”.