Petronorrek Ideia Lehiaketa eragin

Petronorrek Ideia Lehiaketa antolatu berri du. Konpainiak etengabeko hobekuntzan dihardu aspaldiotan bere ardurapeko ekintza guztietan nolabaiteko bikaintasuna lortu gurarik, enpresaren edozein mailatan zein edozein arlotan. Hain zuzen ere, ildo honetatik burutu da harako Ideia Lehiaketa. Helburua bat besterik ez da, alegia: langile guztien emaitzak eta proposamenak gogoan izan eta bideratu, elkarren arteko komunikazioa suspertu eta ideiarik onenak saritu.

Lehiaketa hau Petronorreko behargin guztiei irekita dago. Ideiak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izango dira eta lehiaketa honetarako propio aukeratutako batzorde bereziak baloratuko ditu. Lehen aldi honetan proposamenok zerikusirik izan beharko dute ondoko lau gai nagusiekin, hau da: “Lan-segurtasun eta Osasuna”, “Ingurumen eta Kalitatea”, “Energia kontsumoak eta galerak” eta “Kostu murrizketa”.

Lehiaketa seihilabetekari izango da. Horretara, lehen epealdia uztail honetan hasiko da eta abenduaren 10era arte iraungo. Sarien artean aipagarri, besteak beste, asteburua nekazaletxean, home cinema delakoa edo ordenagailu eramangarria.