Marcelo Gangoiti Urrutia liburaren aurkezpena

Marcelo Gangoitik eta Petronorrek beti izan zuten harreman estua, eta, horregatik, beste ekimenik ez zegoenez, duela bi urte erabaki genuen bidezkoa zela Marcelo jaunaren lehenengo biografia ikertu, idatzi eta argitaratzea, bere jaiotzaren mendeurrenarekin bat etorrita.  Zalantzarik gabe, guztiok zor genion.

Bere biografiari eta Muskizen utzitako arrastoari eta izandako eraginari buruz geroago hitz egingo dute Marcelo Gangoitiren nortasuna hobeto ezagutzen dutenek. Omenaldi hau merezi du, eta horrek elkartu gaitu gaur hemen.  Nire aldetik, sarrera orokor bezala, pertsonaia bizi izan zen testuinguru historiko eta ideologikoan kokatu nahiko nuke. Izan ere, euskal herritar guztien onerako, Marcelo Gangoiti ez zen irla bat izan, ez zen basamortuko oasi bat izan. Bere belaunaldiko balioak eta humanismoa ulertzeko modua zituen.

José Azurmendi filosofoak ezin hobeto jasotzen duen modura, dagoeneko historikoak diren hainbat pertsonaiak, itxura batean hain desberdinak zirenek, gerra askotan nahastuta zegoen Europa ezagutu zuten, borroka ideologiko eta politiko handiak zeuden uneetan batera egon ziren, eta, horiek guztiek, ezkortasunean eta etsipenean erori ordez, asmoak batzeko, jarrera zaharrak gainditzeko eta elkartasunak eraikitzeko beharra ikusi zuten. Besteak beste, hauek izan ziren pertsonaia horiek: José Antonio Aguirre, kristau-demokrata eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Toribio Echevarria, sozialista eta marxista, Errepublikako Gobernuaren ordezkaria CAMPSAn; José María Arizmendiarrieta, Arrasateko kooperatiba-mugimenduaren inspiratzailea; Carlos Santamaría, matematikaria, Pax Christi-ko nazioarteko idazkaria eta ikastolen sustatzailea; eta Marcelo Gangoiti bera. Marcelo Gangoitik ardura handia hartu zuen belaunaldi berrien lanbide-heziketan, eta hortik sortu zen berak fundatu zuen Somorrostroko Zentro hau.      

40. hamarkadan Europako pentsamendurik sakonena betetzen zuen existentzialismoaren ildotik, bost pertsona ospetsu horiek norbanakoaren askatasunarekiko eta duintasunarekiko errespetua aldarrikatu zuten, eta herrien arteko lankidetza eta bizikidetza defendatu zituzten. Bazekiten gizateriaren destino espirituala arriskuan zegoela, bizi behar izan zuten krisi moral sakonaren ezohiko lekukoak ziren, eta, bakoitzak bere talaiatik, gizarte-berrikuntza eta lanaren duintzea proposatu zuten.

Ordena berri gizatiarrago bat aldarrikatu zuten prestakuntzan, ongizatean eta lan-harremanean, garai hartan “sintesi kristaua” deitu zitzaionaren barruan. Espiritu liberala eskatzen zuten, ez dogmatikoa, eta, guztiaren gainetik, gizakiaren eta bizitzako alderdi guztien gizatiartzearen defentsa bultzatu zuten. Bultzatzen zuten humanismo berri horri esker, gu guztiok konprometituago, inplikatuago, solidarioago, berdinago izango ginen giza askatasunean bertan.

Ideia-multzo humanista horren aplikazio praktikoari esker, euskal gizarteak azken urteetan finkatu dituen lorpen asko ahalbidetu ziren, eta, agian, ahalegin, konpromiso, elkartasun eta lanaren balio hori alde batera uztearen ondorioz amildegira hurbil gaitezke. Haiek amildegi hori nabaritu zuten, baina gainditzen ahalegindu ziren.

Hori guztia dela-eta, benetan pentsatzen dut, zalantzarik gabe, Muskiz gaur egun beste gauza bat izango litzatekeela Marcelo Gangoiti jauna egon izan ez balitz eta bizi-inplikazio hura izan ez balu. Gauza onak baino ez dizkio ekarri Marcelo Gangoiti jaunak Muskizi. Horrez gain, adierazi nahi dut, baita ere, onerako edo txarrerako, gaur egun Muskiz ezin dela Petronor barik imajinatu. Hori gogoan izan behar dugu, benetako garai zailak datozen honetan.

Azken lau urteetan, Petronorrek Muskizekin kolaboratu du, 21 milioi euro baino gehiagorekin. Horrez gain, sortu duen enplegua kontuan hartu behar da, eta, oro har, inguruko ekonomian izan duen eragina, eta, bereziki, ostalaritzan izan duena. Hogeita bat milioi 7.000 biztanleko populazio batentzat ez da gutxi. 3.000 euro biztanle bakoitzeko, hain zuzen ere. Hori aipatu nahi izan dut, aldi honetan, aurreikuspenen kontra, inork ez duelako zenbatekorik eskatu Marcelo Gangoitiren irudia gogora ekartzeko, bere lana aintzatesteko edo mendeurrena ospatzeko.

Egokia izango litzateke, efemeride handi honekin bat etorrita, minutu batzuetan baino ez bada ere, gogoeta egitea, eta gehiago pentsatzea batzen gaituen horretan, eta ez hainbeste banatzen gaituen horretan; gehiago pentsatzea gutako bakoitzak eskaini ahal duen horretan, arazoak albokoak konponduko dituela itxaroten egon beharrean. Ziur nago Marcelo Gangoiti jaunak horrela izatea nahiko lukeela.

Victor Perez de Gezuraga
Zuzendari Nagusia