Petronorrek ingurumen kudeaketaren arloko profesionaltasun ziurtagiriaz hornituko ditu bere etorkizuneko operadoreak

Angel Toña, Juanma Seco eta Emiliano Lopez Atxurra.
Petronorrek ingurumen kudeaketaren arloko profesionaltasun ziurtagiriaz hornituko ditu bere etorkizuneko operadoreak, Lanbidek ofizialki onartutako ziurtagiriaz. Hala jakinarazi dute gaur Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak, Emiliano Lopez Atxurra findegiko presidenteak eta Juanma Seco Somorrostro Prestakuntza Zentroko zuzendariak.

Euskadin berritzailea den eta prestakuntza duala biltzen duen proiektu baten barruan sortu da ziurtagiria. Horrela sendotu egin da findegiak ingurumen gaietan oinarritik lan egiteko egin duen apustu garbia. Zentzu honetan, Emiliano Lopez Atxurrak hurrengoa azpimarratu du: “Petronorrentzako ingurumenak praktika hobeagoak esangura du, ez da arazoa, transformatzeko, aldatzeko aukera palanka da. Ingurumenak prestasun gehiago, ezagutza gehiago eskatzen digu eta funtzionaltasun horretatik trebakuntza plan hau guztioi ondo etorriko zaigu. Lehendabizi prestatzen dauden horiei, bigarrenik Petronorri, plantan jarduera profesionala garatzeko kualifikazio egokia duen giza kapitala duelako, eta hirugarrenik, programa honen berezitasunetako bat, Petronorren garatutako prestakuntza zein lanarekin jasotzen duten esperientzia, ondoren, lan merkatuan balioko zaiela, edonon”.

Juanma Secok bere aldetik Petronorrek eta Somorrostro Prestakuntza Zentroak plantako operadoreen trebakuntzan ia 20 urte daramatzatela aipatu du, eta hurrengoa gaineratu: “17 ikastaro berezitu garatu ditugu, eta Findegian lanean dauden 400 pertsona inguru ikastaro hauetatik pasatu dira”.

Operadore lanpostuari lotutako gaitasunak hiru multzo handitan sailka daitezke: prozesuko eragiketei berariaz lotutako gaitasunak, lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten lan arriskuen identifikazioari eta prebentzioari lotutakoak, eta egiten den eragiketa bakoitzean burutu beharreko ingurumen kudeaketari dagozkionak. Kontuan eduki behar da, bestalde, merkatuak, oro har, eta petrolioaren eta petrolio-deribatuen inguruko guztiak, bereziki, egoera aldakorra dutela. Halako egoera bereziaren aurrean beharrezkoa eta hil ala bizikoa da moldatzeko gauza izatea, datorrenari lehiakortasunez aurre egin ahal izateko.

Horregatik, Petronorrek, bere operadoreek segurtasun eta ingurumen gaietan duten gaikuntza hobetu nahian, beste urrats bat egin du operadoreentzako ikastaroen diseinuan, industria mundurako balio duen titulu ofizial bat lortu baitu. “Gero eta trebakuntza berezituagoa egin behar dugu, gure enpresen eskakizunak betetzen dituena, prestakuntza dualaren aldeko apustua egiten duena, benetako praktikez, berezitasuna gehiago fintzeko. Gaurkoa bezalako akordioek pertsonen enplegugarritasunean eragin erreala daukate eta laneratzean eraginkor izatea ahalbidetzen digute”  esan du Angel Toñak.

PRESTAKUNTZA DUALEAN OINARRITUTAKO PROIEKTU BERRITZAILEA

Ikastaroaren lehenengo faseak operadore bihurtzeko behar den prestakuntza teorikoa du oinarri. Fase horretaz gainera, Petronorrek, Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin eta Lanbiderekin batera, abian jarriko du bigarren prestakuntza-fase bat; Euskadin berritzailea den prestakuntza, txandakako prestakuntza duala jasotzen duena ekimen pribatukoa den eta ofizialki onartuta dagoen profesionaltasun ziurtagiri batean. Ikastaroko 25 pertsonak proiektuan parte hartzen eta titulua eskuratzen lehenengoak izango dira.

Formatu dualean burutuko da ikaskuntza, txandakako araubidean, modu koordinatuan uztartuz Somorrostro Prestakuntza Zentroko lan teorikoagoa (420 ordu) eta findegiko lanpostuko prestakuntza praktikoa (500 ordu). Hasieratik amaieraraino, prozesu osoan bi prestakuntza motak uztartu eta “txandakatu” egiten dira. Gainera, Petronorrek soldata-beka batzuk emango dizkie ikasleei ikastaro osoan zehar.

Prestakuntza prozesu hori joan den urtarrilaren 25ean hasi da eta uztailaren amaiera aldera amaituko da. Guztira 920 orduko ikastaroa izango da. Behin ikastaroa amaituta, Lanbidek Ingurumen Kudeaketako Profesionaltasun Ziurtagiria emango die hura gainditzen duten pertsonei.

Proiektu berritzaile horretaz gain, Petronorrek goi mailako prestakuntza ziklo bat diseinatu du, formatu dualekoa, konpainian lan egiten duten enpresa kontratista nagusiekin batera.

Argazkiak, hemen.

Bideoa, hemen.