PETRONORREN ETA SIDERURGIA INTEGRALEKO LANGILEEN FUNDAZIOAREN ARTEKO HITZARMENA

Emiliano Lopez Atxurra, hitzarmenaren aurkezpenean.
Muskizen, 2015eko azaroaren 15ean

 

BILDU DIRENAK

Batetik, EMILIANO LÓPEZ ATXURRA JAUNA, egoitza San Martín kaleko 5.ean (48550 Muskiz) duen Petróleos del Norte, S.A.ren (PETRONOR) izenean, Presidente modura, Bilboko Jose Manuel López Pardiñas notarioak 2015eko uztailaren 29an bere Protokoloaren 2.206 zenbakipean emandako botereari esker. Aurrerantzean, “PETRONOR”

Bestetik, MIQUEL ROCA JUNYET, egoitza Ekonomia kaleko 36an duen (48902 Barakaldo) SIDERURGIA INTEGRALEKO LANGILEEN FUNDAZIOAREN ordezkari modura, Bilboko Jose Mª Rueda Armengot notarioak 2016ko ekainaren 27an bere Protokoloaren 646. Zenbakipean emandako botereari esker.

Bi alderdiek, haien ordezkarien bitartez, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko legezko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri eta ondorio egokiak izan ditzan, honakoa

ADIERAZI DUTE

I.- PETRONORREN helburua dela Gizarte-erantzukizuna aktiboki egikaritzean aurrera egiteko apustu irmoa egitea, inguruarekiko duen konpromisoa indartuz. Horretarako, “El Bortal” finkan egingo den proiektuaren garapenean parte hartzeko asmoa dauka, lehenengo sektorearen garapena babesteko eta horrela kalitatezko lanpostu egonkorren sorkuntza sustatzeko, guneko gizarte- eta erkidego-garapena bultzatuz eta iraunkortasunarekin eta ingurunearekiko errespetuarekin lotutako jardunbide egokiak garatuz.

II.-Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioa irabazteko asmorik ez daukan erakunde bat da; hala, bere helburua “El Bortal” finkan proiektu bat egitea da, kalitatezko lanpostu egonkorrak sortzera eta mantentzera bideratutakoa. Horretarako, jarduera produktiboak egingo ditu lehenengo sektorean, gizarte- edota lan-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonek lana aurkitzea errazten dutenak, guneko gizarte- eta erkidego-garapena sustatze aldera.

III.- PETRONOR 9,89 hektareako azalera duen katastroko 27. Lursaileko 1. Poligonoan dagoen landa-lursailaren jabea da. Besteak beste, orain, lursail horietan baso-erabilera garatzen da eta larreak eta golda-lurrak dira, hitzarmen honetan eransten den 1. Dokumentuan jasotako katastro-ziurtagirian ezartzen den bezala.

PETRONORREK aipatutako lursaileko 3,60 hektareen erabilera laga nahi dio doan Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioari, 2,8 hektarea inguruko azalera baso-erabilera gisa ustiatzeko; 0,8 hektarea baratze gisa eta 200 m2 eraikin gisa.

Adierazitakoari jarraiki, bi alderdiek ekitaldi honetan esku hartzeko gaitasun eta eskumen nahikoa aitortu diote elkarri eta lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, ondorengoei jarraiki:

BALDINTZAK

LEHENA.- Xedea

Hitzarmen honen helburua da PETRONORREN lursailaren zati baten erabilera doan lagatzea; lursail hori 1. Poligonoan dago, 27. Lursailean, eta 48 071 001 27 da katastroko erreferentziaren zenbakia, Hirugarren atalean adierazitakoa. Petronorrek Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioari lagako dio erabilera hori, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren Proiektuan adierazitako erabileretara bideratzeko, izapidetutako erabileren aldaketaren arabera. Proiektu horren kopia erantsi da 2. Dokumentuan.

Hitzarmen honen bidez lursailaren zati baten erabilera lagatzen da doan; zehazki, 3,60 hektarea inguruko azalerarekin mugatuta dago hitzarmen honi erantsitako 3. Dokumentuan, lursailaren mendebaldeari dagokiona.

BIGARRENA.- Alderdiek bere gain hartu dituzten konpromisoak

 I.- Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak konpromisoa hartzen du PETRONORREK lagatako lursaila kokatuta dagoen gunearen ezaugarrietara egokitutako jarduera produktibo berritzaileak egitera bideratzeko. Jarduerak bi ikuspegi osagarrietatik garatuko dira: batetik, produkzioa (teknologia berriak eta berrikuntza kontuan hartuz), kalitatezko produktuen alde eginez eta ingurunea errespetatuz beti. Bestetik, instalazio moldakorrak erabiliko dituzte, merkatuaren demanden arabera aldatu eta egokitu daitezkeenak. Nolanahi ere, eraikitzen diren azpiegiturek Plan Bereziaren betekizunak beteko dituzte.

Jarduera produktibo horien artean, hauek azpimarratu behar dira (ez sakonki):

  • Tanta-ilarra, porrua, Ibarrako pipermina, cherry tomatea eta barraskiloak haztea; produkturik errentagarriena eta iraunkorrena bilatuz uneoro, baita produkzio-sistemarik egokiena eta berritzaileena ere.
  • Produktuak eraldatzea lantegian.

Eransten da Finantza-plana eta jarduera horiek lursailean ezartzeko Planoa, aipatutako 2. Dokumentuaren barne daudenak.

Zentzu horretan, gogorarazi behar da eraikitzen diren azpiegiturek onartzen den Plan Bereziak ezartzen dituen betekizunak eta ezaugarriak errespetatu beharko dituztela. Halaber, beti bermatu beharko da azpiegitura komunen erabilera Petronorren lursailaren gainerako zatian (bide-zorrak, bideak, hornikuntzak, etab.).

PETRONORREK Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioari baimena ematen dio lursailen erabilera gizarteratze eta laneratzeko gizarte-helburua duen beste sozietate bati lagatzeko; horrez gain, sozietate horrek lehenengo sektorearekin edo abeltzaintza eta elikaduraren industriarekin lotutako gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea izan beharko du helburu.  Hala eta guztiz ere, kasu horretan, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak egitate horren berri eman beharko dio PETRONORRI, aurretiazko baimena idatziz jasotzeko.

Era berean, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak konpromisoa hartzen du lagatako lursail horiek zaintzeko eta erabilera horietarako baldintza egokietan mantentzeko. Horrez gain, horiek erabiltzen direla bermatuko du, baimendutako erabilerak garatzeko egokiak izan daitezen.

Bestalde, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak, beharrezkoa bada, aldagelaren baten edo eraikin-lantegiko gelaren baten erabilera partekatua baimenduko du, “El Bortal” lursailaren gainerako zatian kokatuko den interpretazio-zentroan behin betiko ekipamendua izan arte, betiere garatu beharreko jarduera oztopatzen ez badu, proiektuaren arabera.

II.- PETRONORREK lursail horiek doan laga diren helbururako modu baketsuan erabiltzen direla bermatzeko konpromisoa hartu du eta hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean ezingo du ezer egin lagatako lursailean, ezta lursail horiek modu eraginkorrean erabiltzen uzten ez duen jarduketarik burutu ere.

PETRONORREK, lagapen horren publizitatea egiteko, bere logoa erabili ahalko du Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarenarekin batera, Petronorrek horretarako diseinatuko duen kartel batean. Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren ardura izango da kartel hori egitea, kontserbatzea eta jartzea eta laga nahi den lursailerako sarbidean kokatuko da, Petronorrek idatziz ados dagoela adierazi ondoren.

HIRUGARRENA.- Iraupena

Hitzarmen honen indarraldia hamabost urtekoa izango da, Muskizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabakia hartzen duen egunetik zenbatzen hasita. Erabaki horrekin, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak jarduera hori egin ahalko du. Hortaz, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak erabaki horren kopia bat Petronorri emateko konpromisoa hartzen du, aipatutako lursailen erabilera lagatzeko hitzarmen honen indarraldia hasi dela egiaztatze aldera.

Hasierako epe hori luzatutzat hartuko da tazituki bost urteko lehenengo epe batez; hori igarotakoan, berriz luzatu ahalko da tazituki segidako urtebetez. Hori guztia, aldeetako batek aldez aurretik jakinarazten badu izan ezik, hasierako indarraldia igaro aurreko bi hilabeteko gutxieneko epean edo edozein luzapen bukatu aurretik.

LAUGARRENA.- Suntsiarazteko arrazoiak

Arestian aipatutako estipulazioetako bat betetzen ez bada, hitzarmena suntsiaraziko da. Alderdietako batek hirugarren estipulazioan adierazitako epearen barruan hitzarmenari uko egiten badio ere hitzarmena suntsiaraziko da.

Era berean, lankidetza-hitzarmen hau ebazteko arrazoia izango da, eta hortaz, lursailen erabilera PETRONORRI itzuliko zaio, dagokion Plan Berezia onetsi zenetik bi urte igarotzean, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak Ezarpen-planean 1. Faserako adierazitako inbertsioak egiten ez baditu, jarduerak fundazioari egotzi ezin zaion kausa batengatik burutzen ez badira izan ezik.

Eransten da 6. Dokumentu gisa Ezarpen Planaren Kronograma.

BOSGARRENA.- Jurisdikzioa eta lehiakortasuna

Hitzarmen hau zibila da. Hitzarmena interpretatzeko, aldatzeko, ebazteko eta izan ditzakeen ondorioetarako sor daitezkeen gaiak ezagutzea jurisdikzio zibilari dagokio.

Eta ados daudela frogatzeko, bi alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte ondore bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.