Berrikuntzan soilik jardungo duen filial bat sortu du Petronorrek

Petronor Innovación.
“Ikerketa, garapen eta berrikuntza arloan aritzea, eta halaber teknologia berriak erabiltzea produktuetan zein fabrikazio-prozesuetan, kalitate maila, segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzea eta ingurumenaren gaineko eragina murriztea, energiaren sektorean zein berari lotutako sektoreetan”. Horra hor Petronorrek sortu duen Petronor Innovación filialaren xede soziala. Repsol Taldeko enpresak aldaketa estrategiko historikoa burutu nahi du datozen urteetan eta horretarako sortu du filiala.

Mundu zabalean findegi handiagoekin eta operazio kostu txikiagoak dituztenekin lehiatu beharraren ondorioz, Europako fintze industriak ziurtasun gabezia handiko egoerari aurre egin behar dio, eta Petronor ez da salbuespen. Europako lau findegitik bat itxi beharko da datozen 25 urteetan, errentagarritasun faltagatik. Petronorrek helburutzat hartu du nazioarteko merkatuko findegirik efizienteenetarikoa izatea. Horretarako %98ko erabilgarritasuna lortu behar du, efizientzia energetikoa dezente hobetu behar du, hobekuntza disruptiboaren aldeko apustua egin, eta bere burua eraldatu behar du, ohiko hidrokarburoetatik hasi eta elektroietarainoko energia motak hainbat euskarritan eskainiko duen plataforma bihurtzeko.

1968an sortu zenetik berrogeita hamar urte betetzear dagoela, Petronorrek bere burua mundu berrira moldatu nahi du bestelako ikuspegi batetik, eta goraka ari den energia-eredurantz birmoldatzeko estrategia gauzatu nahi du. Ildo horretan sortu da Petronor Innovación enpresa, beren-beregi helburu hartuta berrikuntzarako arlo egokiak identifikatzea, sektoreari aplikatu ahal zaizkion teknologia aurreratuenak detektatzea, gune teknologiko aproposenetan itunak bilatzea eta berrikuntzarako estrategia irekia indartzea, talentua erakarriz, dagoen lekuan dagoela.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko Petronor Innovación gaitu eta onartu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile zientifiko-teknologiko gisa, I+Gko enpresa-unitateen kategorian. Hori dela eta, ikerkuntzan EAEko gainerako zentro eta eragileekin lankidetza estuan aritzeko aukera edukitzeaz gainera, gutxienez 15 ikertzailek osatutako lantaldea finkatu beharko du hurrengo hiru urteetan, eta ikertzaile horietatik kopuru jakin bat doktoreak izan beharko dira.

Enpresa berriak 15 milioi euroko aurrekontua dauka 2017rako, eta Petronorreko kontseilari delegatua den Andreu Puñet izango da zuzendaria. Horrela, irizpideak eta interesak ezin hobeto uztartu ahal izango dira petrolio enpresak lortu nahi dituen helburuekin eta Petronor Innovación filialaren ikerketa lanetik sortuko diren proposamen berritzaileekin.