Petronorrek jada ikuskatu du ekipamenduen % 98 Etenaldian zehar, eta aurreikusitakoaren arabera, epeak beteko dira

Petronorrek jada ikuskatu du findegiaren Etenaldi Orokorraren ondorioak jasan dituzten ekipamenduen % 98, eta orain hobekuntza teknikoak txertatzen eta beharrezko konponketak egiten ari dira. Hasiera batean, otsailaren 28an berriz ere martxan hasteko plana mantendu egiten da, aurreikusi zen bezala. Hala, hurrengo astean, koke unitatea martxan jartzen hasiko dira.

Kazetari eta argazkilariek atzo Petronorrera egin zuten bisitan zehar Pedro Boyrak, Fidagarritasun eta Mantenimenduko zuzendariak, azpimarratu zuen 400.000 ordu/pertsona gainditu direla, eta Etenaldia 620.000 ordu/pertsonekin bukatuko dela. Gainera, adierazi zuen otsailaren 1ean egon zirela langile gehien, 2.100 hain zuzen ere, aurreikusitako 2.000 baino gehiago, eta gaur egun ere 2.100 horiek mantentzen direla. Zenbateko hori hala ere gutxitzen joango da aste honen bukaeran eta hurrengo astearen hasieran.

Bestalde, Boyra jaunak adierazi zuen Etenaldiaren inbertsio nabarmenena FCC unitateko konpresore berriak direla, eta ziurrenik hurrengo astelehenean edo asteartean martxan jarriko direla ere esan zuen.

Bestalde, José Ignacio Zudairek, Pertsona, Antolakuntza eta Erakundeen Arteko Harremanetako zuzendariak, adierazi zuen etenaldi honi esker usainak eta zaratak gutxitzea lortu dela, baina ezinezkoa dela horiek guztiz deuseztatzea. Hala ere, kexa gutxiago egon dira.

Horrez gain, segurtasunari eman zaion garrantziari buruz ere hitz egin zuen. Horretarako, egunero biltzen dira Petronorreko segurtasun-taldeko 20 kide eta Etenaldian parte hartzen duten enpresetako kideak. Hala, arlo horretako alderdi guztiak ebaluatzen dituzte, eta nabarmendu dutenez “arreta berezia eta sekulako ahalegina” jartzen ari dira horretan.

Logistikari dagokionez, azpimarratu zuten eragozpen bat dela aparkalekuaren kontua, eta horregatik, hasieran aparkaleku bat jarri zutela hondartzako eremuan, findegira joan-etorriak egiten zituen anezka autobus zerbitzuarekin. Hala ere, Etenaldian lan egiten ari diren langileek ez zuten zerbitzu hori erabiltzen, eta eremu hori aparkaleku bezala erabiltzearen ondorioz kexak adierazi zituzten udalerriko bizilagunek. Horregatik, Petronorrek eremu horretan dituen lursail batzuk erabiltzen dira aparkaleku bezala.