FMU berritu da Etenaldiaren ondoren

Fuel-olioa Murrizteko Unitatea.
Petronorrek 49 milioi euro inguruko guztizko aurrekontua bideratu du  Fuel-olioa Murrizteko Unitatea edo Koke-Planta deritzoneko instalazioak berrikustera. Gainera, lantegi honetako Etenaldi Orokorraz baliatuta, findegiak inbertsio berriak egin ditu, bertako prozesuetan azken teknologiak txertatzeko asmoz. Horrek guztiak bi helburu argi ditu: Segurtasuna eta Berrikuntza, Petronorrek pertsonekin eta ingurunearekin hartua duen konpromisoaren harira.

Fuel-olioa Murrizteko Unitatea 2013ko apirilean inauguratu zen 1.006 milioi euroko inbertsioaz, Euskadin industria arloan inoiz egin den inbertsiorik handienaz, alegia. FMU proiektua Findegiko ekoizpenaren egitura fuel-olioaren kontsumoaren murrizketara eta gasolio-eskariaren gorazko bilakaerara egokitzeko sortu zen. Koke-Plantak enpresaren jarraikortuna bermatu eta eskari handiagoa duten propanoa, butanoa, gasolina eta gasolioa bezalako produktuen ekoizpena areagotzen du.

Lantegiaren lehen urteetako balantzea arras positiboa da. Petronorren aurreikuspenak gainditu eta hasieran ezarritakoa baino errendimendu handiagoa lortzeaz gain, FMU proiektuak prozesu guztien berrantolaketa eragin du, findegi osoa modernizatuz eta eguneratuz. Era berean, ekoizpena optimizatzea lortu da, kontsumoa murriztuz eta energia-eraginkortasuna handituz.

Petronor sortu zenean (duela 49 urte) produktuen % 50 inguru fuel-olioa ziren. Geroago, 1978an, bigarren findegiaren eraikuntzak ekoizteko gaitasuna handitu zuen, baina fuel-olioaren portzentajea berbera zen funtsean. 1985ean, Konbertsio-Unitatea abian jartzean, % 30era murriztu zen, gutxi gorabehera. Orain, FMUari esker, Petronorrek, urtean 11 milioi tona petrolio inguru finduz, fuel-olioa petroliotik ateratzen dituen produktuen % 8 inguru baino ez izatea lortu du, eta aldi berean, gasolioa, konpainiaren balio erantsi goreneko produktua, ekoizpenaren % 50 izatera iritsi da. Gainera, 700.000 tona petrolio-koke ekoizten ditu urtean. Erregai hau barra-barra erabiltzen da zementuaren industrian eta zentral elektrikoetan.