Repsolek AEBetan azken 30 urteotan gertatu den petrolio-aurkikuntzarik handiena egin du Alaskan

Repsolek eta Armstrong Energy bazkideak Estatu Batuetako lurraldeetan azken 30 urteotan gertatu den petrolio-aurkikuntzarik handiena egin dute Alaskan. Aurkikuntza Horseshoe-1 eta Horseshoe-1A deritzen putzuetan gertatu da, eta Nanushuk-eko formazioa Alaskako North Slope eskualde emankorrean dagoen potentzialtasun handieneko lekuetako bat dela egiaztatu du.

Aurkikuntzak 32 kilometro zabaldu du aldez aurreko esplorazio-kanpainetan aurkitutako formazio bat, Pikka inguruan. Gaur egun, Nanushuk-eko formazioan 1.200 milioi upel inguruko baliabideak identifikatu dira, den-dena petrolio arin berreskuragarria.

Pikkako aldez aurreko garapen-planean aurreikusi denez, ekoizpena 2021ean abiatuko da, eta eguneko 120.000 upel inguru merkaturatzeko aukera izango du.

Repsol 2008an hasi zen Alaskan jardunean, eta 2011z geroztik hainbat aurkikuntza egin ditu lurralde horretan.

Repsolek %25eko partaidetza du Horseshoen eta %49koa Pikkan. Partaidetzaren gainerako portzentajea Armstrong-en esku dago, eta hauxe da gaur egun ustiapenen operadorea.

Horseshoe-1 putzua 1.828 metroko guztizko sakoneraino zulatzean, 46 metrotik gorako petrolio-zurrusta garbia azaldu da Nanushuk formazioko zenbait gordailutan. Bestetik, Horseshoe- 1A putzuan, 2.503 metroko guztizko sakoneran, 30 metrotik gorako petrolio-zurrusta sortu da, hau ere Nanushuk-en bertan.