Petronorrek aurten ere Lanaldi programan parte hartu du

Jone Uribarri Gualber Atxurraren azalpenak entzuten.
Petronorrek Novia Salcedo Fundazioaren Lanaldi programan parte hartzen du aurten ere. Programa honek enpresa eta hezkuntzaren arteko gerturatzean lagundu nahi du. Jone Uribarri Batxilergoko 1 mailako ikasle durangotarrak ekimen honetan parte hartu duen gazteetako bat da eta Gualber Atxurra findegiaren Erakunde Harremanen teknikariarekin izan da egun bateko lanaldian.

Lanaldi 4. DBH zein Batxilergoko 1. mailako gazteentzat zuzendutako eta Euskadin garatutako programa da. Bere helburua goi mailako ikasketen aurretik gazteei orientazio profesional berritzailea eskaintzea da. Horretarako, gazteek gaitasun profesionalak garatzen dituzte onlineko ariketen bidez, eta, egun batez, beraiek aukeratutako profesionalarekin lanaldi osoa igarotzen dute.

Horregatik, Jone Uribarrik, Lanaldi programaren bidez, findegia bisitatu du Gualber Atxurraren lana gertutik ezagutzeko helburuz. “Bere egitekoa oso interesgarria da eta komunikazio zein erakunde harremanekin erlazionatutako zerbait ikasi nahi dut”,  esan du gazteak.