Musika aukeran, Lander eta Arantzarentzat

Gallartako Lander Apellanizek irabazi du Petronorren hileroko zozketa. Ekainaren 24ean Bilboko Arriaga Antzokian taularatuko den “War Requiem” obrarako bi sarrera zeuden jokoan.

Ez da hau Lander eta bere emazte Arantza Arriagara joango diren lehenengo aldia. Bata eta bestea musikazale amorratuak dira, bereziki operazaleak, eta Otxarkoagako Abesbatza Elkarteko kideak. Horretara, ondo baino hobeto ezagutzen dute Arriaga Antzokia, inoiz bertako oholtza gainean abestu ere abestu baitute.

Alabaina, hauxe da Petronorren zozketetan Landerrrek parte hartu duen lehendabiziko aldia. Mas Txartela eskatu eta, lehenengoan, bingo! Hileko zozketetarako egokienak iruditzen zaizkion sariei buruz galdetuta, Landerrek oso argi dauka: “kultura jarduerak, kontzertuak eta museoetarako sarrerak…”

War Requiem (gerrako requiema) Benjamin Britten pianista, musikagile eta zuzendari britainiarrak konposatu zuen, Bigarren Mundu Gerran txikituta geratu zen Coventryko Katedrala (Ingalaterra) birkontsakratzeko 1962an egin zen ekitaldirako. Kritikarien esanetan, “War Requiem” delakoa “bakeaz pentsatzeko musikako gerra da”.