Koke-plantak Petronorren lehiakortasuna bermatzen du

Munduan 2008an zabaldutako krisi ekonomikoaren eraginez, 33 findegi itxi dira Europa osoan azken 9 urteotan. Itxura batean, gauza bera gerta zitekeen Petronorren, baldin eta 2008 eta 2011 urteen artean Euskadiko industria arloko inbertsiorik handiena egin izan ez balitz. Repsolen eta Kutxabanken artean gauzatutako 1.000 milioi eurotik gorako inbertsio horri esker, jendartean koke-planta izenaz ezagutzen den Fuel-olioa Murrizteko Unitatea eraiki ahal izan zen.

Merkatura egokitu ez izanak, garaiz egindako inbertsiorik ezak eta horri lotutako lehiakortasun faltak 33 findegi itxiarazi dituzte Europa osoko 11 estatutan. Zehazkiago esanda, zazpina findegi itxi dira Erresuma Batuan eta Frantzian, bost Italian, lau Ukrainan, hiru Errumanian, bi Alemanian eta findegi bana Txekian, Espainian, Mazedonian, Serbian eta Suitzan.

Petronor Santurtziko Zentral Termikoarentzako fuel-olioaren horniketa bermatzeko sortu zen duela 50 urte. Mende erdi geroago, fuel-olioaren eskaria goitik behera murriztu da merkatuan, Europar Batasunaren zuzentarauek ezarritako ingurumen arloko betekizunen ondorioz, eta Petronor, merkatura egokitzearen alde darabilen apustu historikoari jarraiki, fuel-ekoizpena murriztuz joan da hamarkada batetik bestera, gasolinaren, gasolioaren eta balio erantsi handiagoko beste deribatu batzuen ekoizpenaren mesedetan.