Petronorrek prestakuntza teknikoa sustatuko du neska ikasle gazteen artean

Jardunaldiaren kartela.
  • “Mugarik gabeko etorkizuna gure alabentzat” izenburupean, Petronorrek jardunaldi bat antolatuko du asteazkenean, urriak 25, AEDekin eta Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin batera.
  • Karrera profesionala lanpostu teknikoetan garatu duten emakumeek parte hartuko dute jardunaldian.

Zer egin dezakegu lanpostu teknikoetan emakume gehiago egon daitezen? Petronorrek, Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED) eta Somorrostro Prestakuntza Zentroak elkarrekin egindako galdera horretatik abiatuta, neska ikasle gazteei bizitza profesionala eta pertsonala esparru teknologikoan eta industrialean garatzera animatzeko jardunaldi bat antolatzeko asmoa sortu zen.

Prestakuntza teknikoa gainditu gabeko erronka da oraindik neska ikasle gazteentzat, eta horren ordez, beste prestakuntza mota batzuetara jotzen dute, eta ondorioz, beste karrera profesional batzuetara. AEDren Behatokiaren arabera, emakumeek zuzendutako industria-enpresak %3 besterik ez dira.

Prestakuntza tekniko hau eta ondoren erakar ditzakeen lan-aukerak ezagutzera emateko asmoz, “Mugarik gabeko etorkizuna gure alabentzat” izenburuko jardunaldia antolatuko da asteazkenean, urriak 25, 19:00etatik aurrera, Muskizko Kultur Etxeko M Aretoan.

Jardunaldian, karrera profesionala lanpostu teknikoetan garatu duten hainbat emakumeren esperientziak ezagutzeko aukera izango da. Adibidez, Lourdes Ubieta Amategiko Garraio eta Kalitate sailaren zuzendariak nolako prestakuntza duen eta egungo bere lana zertan den adieraziko du, eta Petronorren lan egiten duten Francisco Javier Garcia Huete eta Irati Garcia Martin aita-alabek beren esperientzia pertsonala eta lan-esperientzia azalduko dituzte.

Era berean, Javier Laiseca Somorrostro Prestakuntza Zentroaren zuzendariak neska ikasleen prestakuntza teknikoari buruzko ikuspegi akademikoa eskainiko du, eta Petronorren izenean, Rosalia Ferreñok konpainiaren beka-programaren berri emango du.

Prestakuntza lehentasunezko esparrua da Petronorrentzat. Hartara, azken 10 urteotan, konpainiak 500 prestakuntza beka banatu ditu guztira, baina emakumeek horien % 8 baino ez dute jaso.

Gaur egun, 146 emakumek lan egiten dute Petronorreko hainbat sailetan. Ekoizpenaren arloan, hauxe baita prestakuntza teknikoari buruzko sentsibilizazio jardunaldiaren helburua, 46 emakumek lan egiten dute Petronorren; horietatik 19 operadoreak dira, 25 teknikariak eta 2 sailetako buruak.