PETRONORREK 50. urteurrena ospatuko du datorren urtean, “68aren Ostean” erakusketa handia babestuz, azken bost hamarkadetan Euskal Herrian izan den artearen ikuspegi ezezaguna

Miguel Zugaza, Emiliano Lopez Atxurra, Almudena Ros eta Bingen Zupiria, gaur.
▪ Petronorrek eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioak aurrekontu-eranskina sinatu dute gaur, joan den maiatzean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenari gehitzeko, eta, horrenbestez, museoari egindako ekarpen ekonomikoa handitzeko.

▪ Akordio berri honen bidez, Bilboko Arte Ederren Museoak konpromisoa hartzen du datorren urtearen amaieran 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketa antolatzeko, Petronorren 50. urteurrena dela eta.

▪ Era berean, ekitaldian balantzea egin dute orain dela gutxi amaitutako Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketari buruz, Petronorrek babestu duen lehenengoa izan baita. Guztira, zabalik egon den bitartean, 139.615 bisitari izan ditu.

Petronorren presidente Emiliano López Atxurrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuko presidente Bingen Zupiriak eranskin bat sinatu dute gaur, Petronor Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuan sartzeko joan den maiatzean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenari gehitzeko. Akordio berriaren bidez, Petronorrek ekarpen ekonomikoa handituko du, erakusketa-proiektu berezi bat egiteko, hain zuzen, 1968an enpresa Muskizen sortu zenetik 50. urteurrena ospatzeko.

68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 izenburupean, Euskal Herriko artearen ikuspegi zabal eta ezezaguna egongo da ikusgai, museoaren eraikin modernoan, 2018ko azarotik 2019ko apirilera arte, Petronorren bilakaera historikoaren kokaleku den eskualdearen historia ekonomiko eta industrialarekin batera joan dena.

Erakusketak 1968. urte enblematikoan izango du abiaburua, Gaur taldea sortu eta bi urtera, orduan berrogeiko hamarkadan jaiotako euskal artisten belaunaldi berri bat azaldu baitzen eszena artistikoan, Euskal Eskolako taldeetako kide beteranoekin batera jarduteko, eta gaurdaino iritsiko da, egungo sortzaileen esperientzia artistikorik berrienekin.

Hautaketa zabala izango da, artisten hainbat belaunaldiren 200 artelanetik gora izango baititu (pintura, eskultura, fotografia, bideo-artea, paper gaineko obra), eta aukera emango digu agertoki berezi honetan azken mende-aldaketan artea modernizatzeko izan diren formen berri izateko, eta hemen sortutako ibilbide indibidualek eta kolektiboek Estatuan eta nazioartean izan duten garrantzia baloratzeko.

Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma bera eta euskal arte garaikidea bildumatzeko interes nagusia izan duten beste instituzio publiko batzuen bildumak hartuko ditu abiaburu erakusketak. Diskurtso kronologikoaren bidez, euskal artistak eta haien artelanak batera azalduko dira artxiboko materialarekin eta material dokumentalarekin (kazetak, liburuak, idazkiak edo ikus-entzunezkoak). 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketak museoaren eraikin modernoaren erakusketa-gune osoa hartuko du, eraikin hori, 1970ean inauguratu zenetik, aldi horretan izandako artearen kontakizun instituzionalaren oinarrizko partea baita.

Museoko Miriam Alzuri, Begoña González eta Miguel Zugaza izango dira erakusketako komisarioak. Harekin batera, katalogo bat argitaratuko da, zenbait adituk idatzitako testuekin, 1968tik gaurdaino Euskal Herrian sortu diren adierazpen artistikoen azterketarako informazio berria emateko.

Horrez gain, zabalik egongo den bost hilabeteetan, erakusketa osatzeko, zinema-zikloak, musika, hitzaldiak eta hezkuntza-programa zabal bat egongo dira, bisitariek urte hauetan guztietan politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-arloan izan diren aldaketen berri izan dezaten, artearen ikuspegitik.

Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketari buruzko balantzea

Bestalde, ekitaldi berean, Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketari buruzko balantzea egin da, hori izan baita Petronorren eta museoaren arteko elkarlanaren lehenengo emaitza. Hasieran finkatutako aldia hiru astez luzatu ondoren, erakusketak atzo, igandean, azaroaren 12an, itxi zituen ateak.

Guztira, 139.615 bisitari izan ditu erakusketak, joan den uztailaren 28an zabaldu zenetik, eta, horrenbestez, museoaren historia osoan jende gehien erakarri duen erakusketetako bat izan da. Bereziki nabarmendu behar da bisitarien % 58 Euskadikoak izan direla, % 20,1 Espainiakoak, eta % 21,9, azkenik, atzerrikoak. Azken datu hori zehatzago aletuz, atzerriko bisitarien % 17,6 europarrak izan dira, % 3 Amerikakoak, % 0,6 Asiakoak, % 0,5 Ozeaniakoak eta % 0,2 Afrikakoak.

Bestetik, erakusketa astearteetan era berezian irekitzeak oso harrera ona izan du (museoak astearteetan itxi ohi baititu ateak), eta 13.893 bisitarik atera diote etekina horri.

Museoak esker ona erakutsi dio Grupo Omega-Capitaleko presidente Alicia Koplowitzi, oso eskuzabal jokatu baitu, azken hamarkadetan Europan sortu den arte-bildumarik bikainenetako bat lehen aldiz jendaurrean erakusteko aukera emanda.