Rafael Ossa Echabururen omenez eta oroimenez

"Muñatones-Punta Lucero, 1968-1975" liburuaren azala.
Joan den igandean, azaroak 19, Rafael Ossa Echaburu idazle eta kazetaria hil zen Bilbon, 91 urte zituela. Errenazentista osoa izan zen. Goian bego.

Haren izena betiko lotuta geratuko da Petronorren historiarekin, izan ere, Muñatones-Punta Lucero, 1968-1975 izenburuko liburuan, findegi honen hasierako zazpi urteetako joan-etorriak laburbildu zituen. Datorren urtean Petronorren sorreraren 50. urteurrena ospatuko dela kontuan hartuz, bitxi bibliografiko horrek are balio handiago izango du aurrerantzean.

Era berean, “Riqueza y Poder de la Ría. El Bilbao del Novecientos”; “Pastores y pelotaris vascos en U.S.A.”; “Bilbao: un puerto en órbita”; “Crónicas desde Bilbao. Historia viva de años cruciales” eta “De mi País y de sus cosas”  liburuak idatzi zituen. Azken hori 1968an argitaratu zuen, eta eragin handia izan zuen garai hartako gazteengan, izan ere, zalantza sozialak eta politikoak nagusi ziren garai hartan, Ossa Echaburu aintzindari izan zen euskara, euskal kultura, ekonomia eta “bere” Herriaren nahitaezko industrializazioa uztartzeko ahaleginean.

Kazetaritza arloan, La Gaceta del Norte egunkariaren zuzendaria izan zen eta hainbat artikulu landu zituen El Correo, ABC, Informaciones, Pueblo eta La Vanguardia egunkarietarako. 1975ean, Madrilgo Merkataritza Ganberak emandako Kazetaritza Ekonomikoaren saria jaso zuen.

Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen Bizkaiko Batzordearen presidentea izan zen duela 30 urte eta “Jornadas de Vizcaya ante el siglo XXI” delako jardunaldiak bultzatu zituen. 2001ean, Bilboko Merkataritza Ganberak Bilboko Kontsul izendatu zuen.