Fabrikazio aditiboa: metaleko 3D inprimaketaren iraultza

2016aren amaieraz geroztik, Petronorrek lankidetzan dihardu Addimen-ekin, Euskadiko berrikuntza bultzatzea xede duen Bind 4.0 startup-azeleragailuaren barruan abiarazitako proiektu pilotu batean. Lankidetza-proiektu honek fabrikazio aditiboa baliozkotzea du helburu, ohiko fabrikazio metodoen ordez erabili ahal izateko. Teknologia honen laguntzaz, Addimen-ek itsasoko ura drainatzeko punpetarako altzairu herdoilgaitzezko bultzagailuak eta difusoreak sortu ditu Petronorrentzat.

“Petronorren badakigu gurea bezalako enpresa handiek teknologia hau aintzat hartu eta sustatu behar dutela, gaur egun nahiz etorkizunean zein prozesutan aplika daitekeen zehaztu ahal izateko. Lankidetza honek, euskal startupei aukera bat emateaz gain, teknologia berrien abangoardian kokatzen laguntzen dio gure konpainiari”; ziurtatu du Arturo Fernandez Petronorren Berrikuntza arloko kudeatzaileak, Addimen findegiaren lankidetaz eta Bind 4.0 programari atxikita garatzen ari den proiektu pilotu honi dagokionez.

Informatika-dendetan, gero eta maizago ikusten dira plastikoa lehengai duten 3D inprimagailuak. Alabaina, oso gutxik dakite prozesu hau metalez ere egin daitekeela, materialezko geruzak gainjarriz 3D modelo bat egitea ahalbidetzen duen fabrikazio aditiboa izeneko prozesuaren bitartez.

Estatuan puntako presentzia du egitura eta geometria konplexuetako metalezko piezak diseinatu eta ekoizten dituen Addimen enpresari esker. Teknologia prototipoak fabrikatzeko erabili oihi da. Hala ere, Addimen-ek beste aurrerapauso bat eman eta amaierako bezeroei zuzendutako piezak lantzen ditu. Denbora aurreztea da abantaila nagusia. Joseba Sagarna konpainiaren gerentearen esanetan, “lehenengo moldearen fabrikazioa prozesu geldo eta garestia da, baina gu bultzagailuak 24 ordutan fabrikatzeko gai bihurtu gara”. Horren harira, berrikitan, hamar bihurgailu ekoiztu dituzte aste bakar batean.