Petronorrek edateko ez den ura hartuko Barbadunetik

Muskizko Udalaren lankidetzaz, URAren –Uraren Euskal Agentzia– baimenaz, eta ura bezalako baliabide naturalen “kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra” sustatzeko Nazio Batuen 2016-2030 programan gomendatutako jardunbide egokiak aintzakotzat hartuz, Petronorrek Barbadun ibaiaren soberazko ura industria-erabilerarako biltzea xede duen proiektua abiarazi du.  

Gaur egun, Petronorrek giza-kontsumorako nahiz industria-aplikazioetarako eta erabilera sanitarioetarako behar duen ur guztia Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergotik dator. Alabaina, iraunkortasunari buruzko nazioarteko zuzentarau guztien arabera, komenigarria litzateke giza-kontsumorako erabiltzen den ura industria-erabileretara ez bideratzea. Horren kariaz, Petronorrek egokitzat jo du ur-horniketa dibertsifikatzea, Ur Partzuergotik datorren ura giza-kontsumorako baino erabil ez dadin, industria-erabileretara zuzendu gabe.

Hau ez da inondik ere berria, ezta Petronorri berariazko jakinmina eragin dion alderdia ere. Duela 30 urte, 1985-1990eko lehorte gordinaren ondorioz, euskal erakundeek argi adierazi zioten Petronorri, etorkizunera begira komenigarria izan zitekeela industria-erabileretarako ura lortzeko beste iturri batzuk bilatzea, nahiz eta edateko ura ez izan, inguruko bizilagunei edateko ura eskuratzeko aukera areagotzeko asmoz.

Handik hona, lurpeko zundaketa, azterketa eta ikerketa ugari egin dira. Konponbidea Muskizko Udalak Barbadun ibaiaren ondoko pasealekua El Pobaleko Burdinolaraino luzatzeko lanak egingo dituela jakinaraztean sortu da.

Horrela, Petronorrek giza-kontsumorako ez den ura biltzeko hoditeria eraikiko du paselalekua egiten den bitartean, ibaiaren ibilgu naturalak mantenduz eta Barbadun ibaiaren eta ibai-bazterren ingurumen-baldintzak zainduz.

Horretarako, beharrezko baimen guztien aldez aurreko tramitazioa egin da erantzukizuna duten erakunde guzti-guztietan.