Petronorrek etorkizunera begira ospatuko du 50. urteurrena

Jose Ignacio Zudaire aurkezpenean.
Jose Ignacio Zudaire aurkezpenean.
  • Bizkaia osoan antolatutako jarduera eta proiektu sozialen bitartez ospatuko du 50. urteurrena, gaur aurkeztutako programaren arabera.
  • Testuinguru honetan, konpainiaren etorkizuneko ildo nagusiak aurreratu ditu, berrikuntza, energia-eraginkortasuna, berdintasuna eta prestakuntza etorkizuna eraikitzeko oinarri nagusitzat aldarrikatuz.
  • Esparru sozialean, Bilboko Arte Ederren Museoa, Fair Saturday, Bilboko Koral Elkartea edota Bilboko Orkestra Sinfonikoa dira, hainbat ekitaldi kultural, sozial eta ludikoren bitartez, ospakizunekin bat egin duten erakundeetako batzuk.
  • Bilboko Arte Ederren Museoak Petronor 1968an eratu zenetik euskal arte plastikoek izandako bilakaera biltzen duen “68aren ostean” erakusketa eskainiko du.
  • Muskizko azken 50 urteotako argazki bidezko historia, Juan Luis Goenaga margolariaren biografia irudiztatua eta Elhuyarren oil&gas sektoreari buruzko lau hizkuntzatako hiztegia argitaratu dira eta Labayruren Euskal Herriko Etnografi Atlasa digitalizatuko da.
  • Kukai Dantza eta EOS Muskizen, Antton Valverde Abanto-Zierbenan eta aire-akrobazien ikuskizuna La Arena hondartzan.

 

Euskal industrialari talde batek 1968an sortu zuen gaur egun Estatuko findegirik handiena bilakatu dena.

Petronorrek bere bizitzako lehen berrogeita hamar urteak ospatu nahi ditu, eta horretarako, ekitaldi kultural, sozial eta ludikoen programa zabala prestatu du. Jose Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen Zuzendariak aurkeztu du gaur 50. urteurreneko programa, eta aukeraz baliatuta, konpainiaren etorkizuneko ildo nagusiak aurreratu ditu.

Petronorren etorkizuna estu-estu lotuta dago berrikuntzaren aldeko konpromisoari eustearekin. 2016an Petronor Innovación delako sozietatea sortu zuen, energia eta fabrikazio aurreratuaren arloko gainerako eragile zientifiko-teknologikoekin lankidetzan jarduteko asmoz.

Petronorrek 90 milioi euro inguru inbertitzen ditu urtero Muskizko instalazioetarako teknologian, eta lehiakortasun, energia-eraginkortasun eta produktibitate maila gorenetara iristea du xede, ingurumenari eta segurtasunari dagozkien neurririk zorrotzenak betez. Horretarako abiarazi duen berrikuntza-politika sendoak Petronorren eraldaketa ekarri du digitalizazioaren, 4.0 industriaren, adimen artifizialaren eta big dataren bitartez.

Petronorrek munduko findegirik eraginkorrenetakoa bihurtzea du helburu, eta horretarako, % 98ra igo beharko du eskuragarritasun-maila, energia-eraginkortasunaren hobekuntza nabarmena lortuz, berrikuntzaren aldeko apustuari eutsiz eta energia hainbat euskarritan dibertsifikatuta eskainiko duen plataforma bilakatuz.

Etorkizunari begira, Petronorrek berdintasunaren eta lanbide-heziketaren balioak bultzatu nahi ditu. Gaur egun, langileen % 15 emakumezkoak dira, eta kopuru hori % 26koa da enpresaren Administrazio Kontseiluan. Petronorrek lanbide-heziketa sustatzeko abian duen urteko beka-programako ikasleen % 35 ere emakumezkoak dira. Helburua bide horri jarraitzea da, emakumeen presentzia gero eta handiagoa izan dadin.

Petronorren lehenengo 50 urteak

Petronorren historia Bilboko Superportuarekin estu-estu lotuta dago hasierako urteetatik. Konpainiak Muskizko findegiaren eraikuntzarekin uztartu zuen Bizkaiarentzat garrantzi gorenekoa bihurtu den azpiegitura horren finantzaketa, sakonera handiko portu baterako sarbidea izateak Petronorri lehiatzeko abantaila ekarriko liokeen ustean.

Petronorrek 1986an finkatu zuen bere historiako mugarririk handienetako bat, berunik gabeko gasolina ekoizten hasi zen Espainiako lehenengo findegia bihurtu zenean, eta berrikuntzaren aldeko konpromiso horri esker, Espainiako fintze-sektoreko lider bilakatu da.

Petronorren kapitalean izandako aldaketarik garrantzitsuena 1990ean gertatu zen, Repsol Petronorren sartu zenean. Honek sinergiak erraztu zituen esperientzia komertziala, zerbitzuguneak eta bezeroen sareak bezalako esparruetan. Gaur egun, Petronorreko partaidetza sozialaren % 85,98 Repsolena da eta % 14,02 Kutxabankena.

Ingurumenaren aldeko konpromisoari lotuta, Petronorrek Fuelolioa Murrizteko Unitatea (FMU) sortu zuen 2010ean, ordurarte Euskadin izandako inbertsio industrialik handiena eginez. Unitateak fuelolioa balioztatzen du, % 80 destilatu ertainak eta gasolina bihurtuz, eta horri esker, urtean atmosferara 160.000 tona CO2 gutxiago isurtzea lortu du.

Inguruneko ospakizunak

Auzokide ona. Hori dela eta, ospakizun honek ingurunearekiko lotura berezia izango du. Hasteko, 2018an, ate irekien bi jardunaldi antolatuko dira hilero, nahi duten pertsona guztiek findegira hurbildu eta bertan egiten den lana gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten.

Muskizek, Petronorren sorreraren eta bilakaeraren lekuko hurbila izanik, 2017ko Dantza Sari Nazioala jaso duen Kukai Dantza taldeak findegiaren 50. Urteurrena ospatzeko eskainitako ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera izan zuen otsailaren 3an, Meatzari Aretoa leporaino bete zelarik.

Emakumezkoek oso presentzia txikia izan ohi dute fintze-sektorean, eta lanbide-heziketa teknikoko beka eta ikasketen deialdiei ematen dioten erantzun murritzari aurre eginez, Petronorrek Graffiti & Twit programa antolatuko du Abanto-Zierbanan, emakume gazteen parte-hartzea erakartzeko. Horma zuri baten gainean, etorkizuneko ideiak edo kezka profesionalak idatzi edo islatu ahal izango dituzte. Gainera, Emakumezko Enpresari eta Zuendarien Elkarteko eta Petronorreko emakume teknikari gazteek irudiak margotu eta beraien esperientziak azalduko dizkiete. Musikaz lagunduta egingo den ekitaldi honetako ondorioak Twitter bidez zabalduz joango dira.

Era berean, Antton Valverde musikari eta konpositorea Abanto-Zierbenan izango da Euskararen Astearen barruan, eta La Arena hondartza aire-akrobazien ikuskizun baten agertoki bihurtuko da uztailean, Repsol taldeko pilotuen eskutik.

50. urteurreneko ekitaldiak Gabonen aurretik amaituko dira, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Muskizen eskainiko duen ganberako musika-kontzertu batez.

Bizkaiko ospakizunak

Bizkaian zehar antolatuko diren ospakizunei dagokienez, Bilboko Itsas Museoan “Petronor, mugitzen gaituen motorra” deritzon erakusketa ibiltaria zabalduko da ekainean, bisitariei findegiaren historia eta bilakaera hurbildu eta Petronorrek Punta Luceroko dikea eraiki eta geroko jarraikortasuna bermatzeko ahaleginean izan duen protagonismo historikoaren berri emateko, izan ere, portuko trafikoaren % 40 Petronorrek eragindakoa da.

Era berean, Petronorrek Enrique Sendagorta Beka sortuko du findegiaren sortzailearen oroimenez, ikasleei zientzien arloko (ingeniaritza, zientzia zehatzak...) munduko erreferentzia bihurtu den unibertsitateren batean eliteko master bat egiteko aukera eskainiz.

Urtearen lehen erdialdeko ekitaldiei amaiera emanez, Bilboko Koral Elkarteak eta Bilboko Orkestra Sinkonikoak, Erik Nielsen-en batutapean, Arriagaren eta Beethovenen obrak uztartuko dituen baterako kontzertua eskainiko dute Euskalduna Jauregian.

Udazkenean, Petronorren bulego berrien lehenengo harria jartzeko urrian egingo den ekitaldiarekin bat eginik, hiru argitalpen bereizgarri aurkeztuko dira: “50 urte Muskizko historia grafikoan”, Elhuyarrek euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez landutako oil&gas hiztegia eta Juan Luis Goenaga margolariaren biografia irudiztatua, baita Labayruren Euskal Herriko Etnografi Atlasaren digitalizazioa eta online jartzea, On Joxemiel Barandiaranen omenez.

Udazkenean ere, Energia eta Mugikortasunari buruzko biltzarra antolatuko da Bilbon, konpainiaren etorkizuneko nondik norakoak zehazteko. Azaroan, findegiaren berrogeita hamazortzi urteko historian euskal arte plastikoek izandako bilakaera islatuko duen “68aren ostean” erakusketa zabalduko da Arte Ederren Museoan, eta amaitzeko, Petronorrek, Bilbon sortutako Fair Saturday nazioarteko mugimenduan parte hartuko du berriz ere, hainbat jarduera artistiko eta kulturalen bitartez proiektu sozialei laguntzeko asmoz.

Petronorrek website berezia zabalduko du gaur bertan, konpainiaren sorreraren 50. Urteurreneko programazioaren xehetasunak nahiz azken mende erdi honetako protagonistekiko elkarrizketak, bideoak eta testigantzak biltzeko.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegurik-sortzailerik handiena bilakatu da. Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu ditu.

Petronorrek Bilboko Portuko joan-etorri guztien % 40 baino gehiago eragiten du. Ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, hau da, Bizkaiko esportazio guztien % 18,21 edota Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioaren % 9,7. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.