Petronorrek kontsumitzen duen uraren % 30 berrerabiltzen du

Joan den asteazkenean eta ostegunean, Petronorrek ura kudeatzeko erabiltzen duen estrategia aurkeztu zuen Muskizko eta Abanto-Zierbenako Panel Publiko Aholkulariekin antolatutako bileretan, “Uraren Mapa” deritzonaren eguneraketari arreta berezia eginez. Europako zuzentarauei jarraiki, mapa honek bost helburu nagusi ditu: edateko uraren kontsumoa murriztea (giza-kontsumorako egokia den ura ez kontsumitzea), prozesuko kontsumoa murriztea, berreskuratzea, araztea eta berrerabiltzea. Hori guztia, URA Uraren Euskal Agentziaren eta lotutako erakunde publikoen lankidetzaz.

Ur Partzuergoak banatzen duen edateko uraren kontsumoa murrizteko, nahitaezkoa da ur-hornidura bermatzeko iturri alternatiboak bilatzea, eta horretarako, bi aukera aztertu dira: Barbadun ibaitik ura biltzea edo zundaketa-putzuetatik ateratzea.

Lehenengo aukeran, ura bildu, punpatu, findegira garraiatu eta bertan tratatu behar da, industria-jardueretan erabili ahal izateko. Proiektuaren konplexutasunak eta lehorte-garaian zerbitzua bermatzeko ezintasunak hornidura-iturri hau eragozten dute.

Aldi berean, gero eta bideragarriagoa dirudi zundaketa-putzuetatik ura ateratzeko aukerak. Beharrezko baimenak eskuratu ondoren, zenbait lagin hartu dira, eta horietan lortutako emaitzek etorkizunean hornidura berma litekeela iradokitzen dute. Oraingo eginkizuna, dagokion ingeniaritza-proiektua taxutu eta beharrezko ustiaketa-baimena eskatzea da.

Uraren kontsumoaren murrizketa

Helburua ez da soilik edateko uraren kontsumoa murriztea; horrekin batera, prozesuko kontsumoa ere gutxitu nahi da, eta horretarako, beste hainbat neurriren artean, lurruna sortzeko premiak murriztu behar dira energia-eraginkortasuna hobetuz. Xede honi begira, 2017an, 28 milioi euroko inbertsioa egin da bi konpresore berritzeko, eta honi esker, urteko ur-kontsumoa 600.000 m3 murriztea lortu da.

Era berean, aurrerapauso handiak eman dira ur gehiago berreskuratzeko ahaleginean. Azken hamar urteotan 3 milioi euroko urteko inbersioa jaso duen ur-araztegia giltzarrizko faktorea da berreskuratze-ahalmena ahalik eta gehien optimizatzeko. Ura profitatu eta berreskuratzearen aldeko interes horren proba garbia dugu, halaber, euri-ura biltzen duen “Ekaitz-Andela” deritzonaren eraikuntza.

“Uraren Maparen” laburpenaren arabera, Petronorrek kontsumitzen duen uraren % 30 berrerabiltzen du, % 36 ur-lurrun bezala isurtzen du atmosferara eta % 33, behar bezala araztu ondoren, itsasora bideratzen du itsaspeko hustubidean zehar.