Petronorren 2017ko emaitzak

Miguel Gutierrez eta Emiliano Lopez Atxurra, Petronorren zuzendari eta presidentea, hurrenez hurren, emaitzen aurkezpenean.
PETRONORREK BERE HISTORIAKO EKOIZPENIK HANDIENA LORTU DU, FMU-AN PROGRAMATUTAKO LEHENENGO GELDIALDIAREN INPAKTUAREN GAINETIK.

 

-Sarrera

Zalantzaz betetako egungo testuinguru aldakorrean, apirilaz geroztik dolarra ahulduz joan dela eta urteko bigarren seihilekoan petrolioaren prezioak nabarmen gora egin duela kontuan harturik, 2017ko ekitaldiko helburua gure destilazio eta bihurtze gaitasunen erabilera areagotzea izan da, aktiboen kalitate bikainaz baliatuta.

Urteko jarduera gure historia osoan egindako Etenaldirik handienak baldintzatu du. Petronor Europako fintzearen abangoardian kokatzeko, 52 milioi euroko gastua egin da, eta hilabete eta erdiz % 75 mugatu da gure instalazioen gaitasuna. Alabaina, FMU unitateetan programatutako lehenengo geldialdi honek eragindako inpaktuaren gainetik, Petronorrek bere historiako ekoizpenik handiena lortu du 2017an.

Gasolinek, gasolioek eta fuelak emandako marjinek gure ekoizpenaren balioa hobetu dute, baina efektu hori petrolio findugabeen garestitzeak moteldu du. Kontrolpean mantendu ditugu gastu finkoak, eta energia-eraginkortasuna hobetzeko planaren laguntzaz, kontsumoak murriztea ere lortu dugu.

Unitateen araberako kopuruetan, lorpen horiei guztiei esker, unitateko marjina 6,57 $/bbl-koa izan da, 2,85 dolar upelekoa oreka puntuaren gainetik.

-Emaitzak

Diferentzial horiekin, urteko operatibo korrontearen emaitza 180,4 milioi eurokoa izan da. Ekitaldiko zergen osteko guztizko emaitza +178,3 milioi eurokoa izan da, 2016koa baino % 19,8 murritzagoa, baina aurreko urteetan izandako galeretatik oso urrun.

EMAITZAK (milio eurotan) 2017 2016
Ustiapenaren emaitza (ondare-efekturik gabe) +184,9 +213,1
Ondare-efektua -4,5 +54,0
——— ———
Operatibo Korrontearen Emaitza +180,4 +267,1
Emaitza Finantzarioa +40,5 +24,6
——— ———
EMAITZA (zergen aurretik) +220,9 +291,7
Etekinen gaineko zerga -42,6 -69,3
EMAITZA GARBIA +178,3 +222,4
——— ———

 

Jardueraren beste magnitude batzuk

Konpainiaren industria eta jarduera arloko adierazleek 2016. urtean lortutako maila altuei eutsi diete, urte hasieran koke unitateen lehenengo geldialdia egin arren:

 

JARDUERAREN MAGNITUDEAK 2017 2016
Prozesua (mila tona petroliotan) 10.856 10.621
Salmentak (mila tonatan) 10.959 11.006
            – Estatuko merkatuan 6.952 6.789
            – Atzerriko merkatuan 4.007 4.217

 

Laburbilduz:

  • Destilazio-kopururik handiena, krisiaren aurreko balioetara iritsiz: prozesatutako 74,0 milioi upel, hau da, 10,9 milioi tonaren baliokidea, gure destilazio-gaitasun teorikoaren % 94,2.
  • Salmentak 11 milioi tona ingurukoak izan dira. Estatuko merkatuan dauzkagun konpromisoak estalita, salmenten % 37 esportaziora bideratu da.
  • Instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko programaren barruan, energia-kontsumoa 60 mila tona fuel-olio baliokide murrizteko neurriak inplementatu ditugu, eta neurri horiek 14,1 milioi euro gaineratu dizkiote urteko emaitzari.

 

2017ko Egoeraren Balantzea

 

EGOERAREN BALANTZEA(Milioi eurotan)
  2017 2016
Aktibo ez-korrontea 1.322,3 1.322,5
Izakinak 510,3 341,5
Zordunak 457,0 401,5
Eskudirua eta bestelako aktibo likidoak 163,9 350,7
———- ———-
                        GUZTIZKO AKTIBOA 2.453,5 2.416,2
   
Ondare Garbia 1.118,2 973,7
Pasibo Ez- Korrontea: Epe Luzeko Hornidurak eta geroratutako zergagatiko Pasiboak 41,0 50,8
Pasibo Ez- Korrontea: Epe Luzeko Zorrak 341,6 541,2
Pasibo Korrontea: Hartzekodunak (epe laburrean) 952,7 850,5
———- ———-
GUZTIZKO ONDARE GARBIA ETA PASIBOA 2.453,5 2416,2

 

Sortutako EBITDAren eta akziodunek –aurreko ekitaldiko emaitzen zuhurtziazko banaketa egiteko eskatuz– agertu duten gizartearekiko konpromisoaren ondorioz, aurre egin ahal izan diegu indarrean dauden inbertsioei (87 M€) eta finantza-zorraren amortizazio aurreratuari, honen zenbatekoa 257 milioi eurotan murriztuz, eta 34 milioi euroko dibidenduak ordaindu ditugu 2016ko ekitaldiko emaitzen kargura.

Gure altxortegiaren egoera ona kontuan hartuta, abenduan, Kontseiluak 0,84€/akzioko dibidendua banatzea erabaki zuen 2017ko emaitzaren kargura.

-Petronor Innovacion

Petronor Innovacion berrikuntzako ildo estrategikoaren garapenaren aldeko apustutzat abiarazi zen 2016an, eta 2017an ondoko hiru ekintza-programa hauen laguntzaz finkatuz joan da: digitalizazioa, kudeaketa-eredua eta negozio berriak, gure inguruneko eragile zientifiko-teknologikoen lankidetzaz garatutako berrikuntza irekia sustatuz.

Digitalizazioaren arloan, big data eta adimen artifizialeko teknologiak ekoizpen-prozesuetan aplikatzeko oinarriak finkatu dira, izan ere, sektore honetan oso erreferentzia gutxi dituen etorkizun handiko lan-ildo honek aukera berriak zabalduko ditu prozesuen eraginkortasunean hobekuntza nabarmena lortzeko. Ildo honetan azkar eta azken teknologien laguntzaz aurrera egiteak lehiatzeko abantaila eskainiko digu.

Antolakuntza-ereduari dagokionez, berrikuntzaren alde jorratzen hasi den bidean aurrera egiten jarraitzeko, behar-beharrezkoa da eraldaketa kulturalari ekitea. Ez da nahikoa teknologia aplikatzea. Horrekin batera, pertsonei proiektu partekatu baten mesedeko talentua gaineratzeko aukera eta borondatea erraztuko dizkien ingurunea sortu behar da, eta horretarako, kudeaketa-ereduaren garapena landu behar da.

Negozio berrien arloan, trantsizio energetikoak aukera paregabea eskaintzen digu fintze-enpresa enpresa energetikoa bihurtzeko. Eredu energetiko berriak erregai fosilen parte-hartze garrantzitsua duen erregaien arteko mixa dakar, eta horretan, gero eta parte-hartze handiagoa dute energia berriztagarriek eta sorkuntza banatuak. Testuinguru honetan, Petronor Innovaciónek Zerbitzu Energetiko Aurreratuen negozioa garatzeko proiektua abiarazi du.

Ondorioa

Laburbilduz, 2017a urte positiboa izan da, eta ekitaldi honetan aurrera egin dugu egungo negozioaren eraginkortasuna hobetzeko ahaleginean, horrexen gainean eraiki behar baitugu aurrerantzean, eta energia-eredu berrira egokitzeko eta aukera berriak baliatzeko oinarriak finkatzen hasi gara.