Elías Unzueta: “Digitalizazioa eta 4.0 Industria, kudeaketa arloko berrikuntza eta negozio eta zerbitzu berrien garapena dira gure ardatzak”

Elías Unzueta.
Iaz, Muskizko findegiak Petronor Innovacion filiala sortu zuen energia-eraginkortasuna hobetzeko eta findegia enpresa multienergetikoa bihurtuko duen aldaketa estrategikoa bideratzeko. Elias Unzuetaren zuzendaritzapean, ondoko hiru ardatz hauetan oinarritu du aurrera atera nahian dabilen apustu estrategikoa: “Digitalizazioa eta 4.0 Industria, kudeaketa arloko berrikuntza, negozio eta zerbitzu energetiko berrien garapena eta merkatua handitzea”,  Unzuetak Estrategia Empresariali emandako elkarrizketan zehaztu duenez.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean txertatutako I+G enpresarialeko unitatetzat akreditatua dagoelarik, berrikuntza-eremu potentzialak identifikatzea, sektoreari aplika dakizkiokeen teknologiarik aurreratuenak detektatzea, beste eragile teknologiko batzuekiko aliantzak bultzatzea eta berrikuntza irekiaren aldeko estrategia sustatzea ditu helburu. Aurten, sei miloi euroko aurrekontua du, findegiak negozioa garatzen lagun dezaketen berrikuntza-proiektuetarako beren-beregi inbertitzen dituen 16 milioi euroko zenbatekoaz gain.

Gure asmoa, alde batetik, findegiaren egungo prozesuaren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko lan egitea da, Europako findegirik eraginkorrena izan dadin –adierazi du Unzuetak–. Baina bestetik, gure jarduerak energiaren kudeaketari lotutako zerbitzu berrietara bideratzen hasi behar dugu, eta eragile aktiboak izan nahi dugu zeregin horretan, erronkari aurre egiteko ezaguerak eta trebetasunak ditugun heinean”. 

Bide horretan, Petronor Innovacionek 2017an garatutako proiektuen artean, hiru aplikazio berritzaileren ezarpena nabarmen daiteke. Horietako lehenak, Tecnaliarekin batera landutakoak, langileen geolokalizazioa eta suteen prebentzioa erraztea du helburu. Bigarrena,  “Repsol gure enpresa matrizearen aurreko garapenetatik sortutakoa”,  Itsas-Terminalean instalatutako Heads sistema da, hidrokarburo-orbanak goiz detektatu eta Portuan balizko isurketak kontrolatzea xede duena. Hirugarrenik, plantako segurtasun eta zaintza sistemetan txertatu nahi den beste proiektu bat garatzen ari da: Begiplant, instalazioetan sor daitekeen kearen edo suaren detekzio goitiarrerako.

Findegiaren Plan Estrategikoaren 2020ko amaierari begira, Petronor Innovacionen arduradunak uste du, energia sortzeko hainbat iturriren etengabeko sarrera nagusi izango duen etorkizuneko mix energetikoan ere, Muskizko planta  “findegi segurua, errentagarria, eraginkorra eta etorkizun handikoa”   izango dela.