López Atxurra: “petrolioaren prezioa Dragon Khanen eskalada bezalakoa izango da”

Emiliano López Atxurra, atzo.
“Aurten eta datorren urtean, petrolioaren prezioa Dragon Khanen eskalada bezalakoa -Port Aventurako errusiar mendia- izango da, nazioartean dagoen egonkortasun handiagoaren edo txikiagoaren araberakoa”,  adierazi zuen atzo Emiliano López Atxurra Petronorren presidenteak Cebeken Enpresa Topaketan.  

Datozen urteetarako perspektibak eta enpresen erronkak izenburuko eztabaidan, petrolioaren prezioaren bilakaeraz galdetu zioten, upeleko 77 dolarreraino igo baita.  “Nazioarteko desegonkortasuna handiagoa denean, igo egingo da, eta txikiagoa denean jaitsi. Adituen esanetan, 105 dolarreraino ere irits liteke. Nik ez nuke apusturik egingo; gerta liteke ala ez, Rappel-en mundua da hori”. 

“Baina gauza bat argi dago -zehaztu zuen Atxurrak-: petrolioaren mundua estu-estu lotuta dago geopolitikarekin eta Estatu Batuen erreserba-mailarekin”. “Gaur egun, egoera korapilatsua dugu Ekialde Hurbilean, gerra hotzean murgilduta, eta Golkoko herrialde batzuek erabaki dute -Arabiak eta Iranek, kasu-, beraien erreserben laguntzaz, potentzia teknologikoak bihurtuko direla, prezioak gora bultzatuz”.

Egoera geopolitiko honetan, “badago administrazio bat, Trump-ena, bere jokoak jokatzen ari dena, eta manifestazioaren buru kokatu da Iranekiko harreman garrantzitsuak dituen Txinaren beharren aurrean. Bitartean, Estatu Batuetan ez dute arazorik prezioei dagokienez; Europan daukagu arazoa”.  Hartara, Atxurrak ziurtatu zuen  “petrolioa ez dela desagertuko 7.000 milioi biztanle dituen mundu honetan”.

Eta energiaren inguruko borroka geopolitikoek beren horretan jarraituko dutela iragarri zuen:  “Txinak ibilgailu elektrikorako lehengaiak kontrolatzen ditu, eta hilabete batzuen buruan, Marokon finkatuko du bateria elektrikoen lantegia nagusia”.

“Mundua handitu da eta gu pigmeo bihurtu. Europa Eurasiaren mendebaldeko muturra besterik ez da, eta areago Espainia. Gainera aldaketa teknologien egungo abiada zoroan, garrantzitsua da giharra izatea. Gure artean lankidetzan jarduteko gai ez baldin bagara, gureak egin du”,  ziurtatu zuen.