José Luis Arredondo: “petrolioaren prezioaren igoerak ez die zuzenean eragiten fintzearen marjinei”

“Paradoxa dirudien arren, petrolioaren prezioaren igoerak ez die zuzenean eragiten fintzearen prezioei. Marjina Brent petrolioak petrolio prozesatuen gainean nahiz saldutako produktuen gainean duen diferentzialaren araberakoa da. Gainera, kontuan izan behar dugu findegiak energia-kontsumitzaile handiak direla, eta energia garestitzen den heinean, transformazioko kostuak ere handitu egiten direla”,  adierazi du José Luis Arredondo Petronorren Ekonomia eta Finantza zuzendariak El Correo egunkarian argitaratutako erreportajean, petrolio gordinaren prezioaren igoeraz eta ekonomiaren gainean izango duen eraginaz mintzo zela.

Petrolioa, ezegonkortasun geopolitikoekin oso sentibera den lehengaia izanik, goranzko zurrunbiloan murgilduta dago azken hilabeteotan. Petrolio gordinaren prezioaren igoerak ondorioak izango ditu Espainiako ekonomiaren bilakaeraren gainean, herrialde osoan kontsumitzen den petrolio guztiaren % 99 inportatzen duen neurrian. Egoera honek ondorio negatiboak izango ditu kontsumoan, enpleguaren sorkuntzan, zerga-bilketan, defizita betetzeko helburuan eta Barne Produktu Gordinaren (BPGd) aurrerapenean.

Hala ere, egoera hau onuragarria da Oil&Gas sektoreari atxikitako Euskadiko ehun bat enpresarentzat. Petrolioaren prezioaren gorakadak petrolio-konpainien negozio-marjinak handitzen ditu. Petronorren kasuan, biltegietan gordeta dauzkan produktuen balioa handituko du, ondare-efektuari eraginez. Ondare-efektua izenaz ezagutzen da, hilabeteetan erregai-andeletan gordetako petrolio gordinaren erosketa-prezioaren eta ekitaldiaren amaieran duen merkatuko balioaren arteko diferentzia. 2018an,  “petrolio gordinaren prezioak urtea amaitu arte maila berean mantenduz gero, ondare-efektua positiboa izango da”,  ziurtatu du Arredondok.