Garrantzitsua da lar beroaren arriskuaz jabetzea

Ostegunetik aurrera eta astelehen arte, tenperaturek dezente gora egingo dutela aurreikusi da, eta horren ondorioz, komenigarria da “bero-kolpea” deritzonaren balizko sintomak eta prebentzio-metodoak ezagutzea, garaiz jardun ahal izateko.

Lehenengo neurria beroak dakarren arriskuaz ohartzea da. Bero kolpea delakoa koadro mediko larria da, behar ez bezalako ondorioak saihesteko sintomei arreta handia ematea eskatzen duena.

Sintomarik begi-bistakoenen artean, buruko mina, nekea, logura, kalanbre muskularrak, goragalea eta desorientazioa nabarmen daitezke. Bai eta larruazal beroa, lehorra, gorritua, izerditze murritza eta gorputzaren tenperaturaren igoera ere.

Prebentzio modura, ura 20-30 minuturo edan eta otordu arinak (entsalada, zukuak, barazkiak, fruta) egitea komeni da, eguzkitan luzaro egon gabe. Egarria kentzeko edari alkoholdunak ez hartzea ere gomendatzen da.

Bero kolperen baten lekukoa izanez gero, behar-beharrezkoa da kaltetutakoa gerizpeko leku fresko, lasai eta haizeztaturen batera eramatea. Burua zutiturik jartzea. Arropa bustiz eta ur hotza duten konpresak aplikatuz freskatzea. Gatza duen ura edo edari isotonikoak edaten ematea. Konortea galdu badu, arnasketa egiaztatu eta, erantzuten ez baldin badu, bihotz-biriketako bizkortzea egitea.