Emiliano López Atxurraren agerraldia (Petronor, S.A.-ren sorreraren 50. urteurrena)

Errege Jauna, eskerrik asko egun berezi honetan gurekin izateagatik.

Ministroa, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Gobernuko Ordezkaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburua, alkateak, agintariak, Petronor, Repsol eta Kutxabankeko lankideok, adiskideok: egun on guztioi. Eskerrik asko gaur hemen izateagatik.

Nekez aurki dezakegu hau baino leku egokiagorik Petronorren 50 urteak ospatzeko. Eta nekez aurki dezakegu oraingoa baino une egokiagorik industriaren balioak, indar teknologikoaren aldeko apustua, merkatuak finkatu eta konkistatzeko adorea edota aliantzak gauzatzeko borondatea aldarrikatzeko, eta azken batean, gaur hemen biltzeko aukera erraztu diguten pertsona eta erakunde guztiak omentzeko.

Argi eta garbi esan zuen Bernart Etxeparek, euskal letren hasierako ereileak, 1545eko epifania literarioan: Ogirik ez dakusat biltzen, hazi erein gaberik. Hau da, aurretik erein gabe ez dago geroztik deus ere biltzerik. Berrogeita hamargarren urteurren hau dugu, zer esanik ez, gure aurrekoek egindako etengabeko ereintza lanaren erakusgarri.

Bihoazkio, hortaz, gure oroitzapen eta esker onik zintzoenak, 60ko hamarkadaren inguruko enpresarien belaunaldi hari, eta haren ordezkari eta ikur bikaina bihurtu zen Enrique Sendagorta Petronorren bultzatzaile eta lehenengo presidentea izan zenari, Euskadi eta Espainiaren gaitasun industrial eta teknologikoak indartu eta etorkizunaren trenari atxikitzeko egin zuen apustuagatik.

Era berean, aukera honetaz baliatuta, gure akziodunen esker oneko aipamena ere egin nahi nuke, energiaren eta mugikortasunaren merkatuko eraldaketetara egokitzen ari den enpresa eta industria honi eusteko hartutako erabaki irmoagatik. Eta esker oneko mezu berbera helarazi nahi diet, gutxienez ondoz ondoko bi belaunalditan, aldez edo moldez ahalegin pertsonala arrakasta kolektiboari gehitu dioten milaka langileri, guzti-guztiei.

Gaur eta hemen, 1968ko gertaera hartatik berrogeita hamar urtera, industria proiektu hau finkatu eta eraldatu behar dugu trantsizio energetikoaren erronketara egokitzeko, iraunkortasuna hazkundearen sorburu eta ongizatearen oinarri duen gaurgeroko munduari begira.

Motibatuta gaude, izan ere, gaitasun handiak dituen ekosistema teknologikoa dugu, Europako teknologia eta berrikuntzaren panoraman dauden onenen paretsukoa. Ahalegin handia egiten ari gara sorkuntza berriko gaitasun horiek gure ohiko behar industrialetan txertatzeko, baita trantsizio energetikoaren mundu liluragarri honetan sortuz doazen eskakizun berrietara hedatzeko. Gero eta premiazkoa zaigun trantsizio hori eraldaketa sakona eragiten da energian eta mugikortasuneann.

Iraganarekin konprometituta gaude eta solidarioak izan nahi dugu etorkizunarekin. Gure aurrekoak izan zirelako gara, eta zer garen izateko gai bagara, ondoren etorriko direnak ere izango dira. Seguruenik errazagoa da esatea egitea baino, baina jasotako herentzia kudeatu eta beste 50 urtetara zabaldu behar dugu. Ez dugu ezeren premiarik. Denetarik dugu: prestatutako pertsonak, gaitasun teknologikoak eta sostengu finantzarioa. Ez dugu aitzakiarik ilusioa berriz ere ez suspertzeko.

Espainiak indar teknologiko eta industrial nabarmenak ditu. Konplexurik gabe aldarrika ditzagun, izan ere, gure helburua ez da, Europako berpizkunde teknologiko industrialaren eragileak eta Europar Batasuneko zein Komunitate Iberoamerikarreko trantsizio energetikoaren kudeatzaileak izatea baino.

Eskerrik asko guztioi egun hau gurekin partekatzeagatik. Mila esker.

Errege Jauna, 50 urte hauetako parte zara. Euskadin inoiz egindako inbertsiorik handiena izan zen FMU plantaren inaugurazioan gurekin izan zinen, eta badakit gure enpresa bizitza gertutik jarraitu duzula. Horregatik gure historiaren une garrantzitsu honetan gurekin berriz izatea pozgarria da.

Amaitu aurretik, 50. urteurreneko ospakizun ofizial honen plaka desestaltzeko eskatu nahi nioke Errege jaunari.