Repsolek motorraren munduari buruzko erakusketa ekarriko du Muskizera eta Abanto-Zierbenara

Repsol Racing Tour.
Urriaren 24tik 26ra Muskizen eta hilaren 28tik 30era Gallartan, Repsolek motorraren munduko hainbat lehiaketa eta kirol probatan izandako parte-hartzearen historiari buruzko doako erakusketa interaktiboa izango du ikusgai.

Ekimen honen bitartez, Repsolek gizarteari hurbildu nahi dio motorraren munduko lehiaketak eta kirolak bultzatzen eta sostengatzen egin duen ia 50 urteko ibilbidea.

Herritarrek erakusketa honetaz doan gozatzeko aukera izango dute, historian zehar Repsol Taldea partaide izan duten diziplina desberdinak gertu-gertutik ezagutzeaz gain: Munduko Motoziklismo Txapelketa, Dakar, triala, automobilismoa, hegaldi akrobatikoa… 150 metro koadro inguruko erakusketa-esparruan, hainbat eduki interaktibo eskainiko dira, 15 metroko luzera duen haurrentzako minimoto zirkuituaz gain.

Erakusketa Muskizko Cendeja kalean izango da ikusgai, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, Ertzain-Etxearen ondoko aparkalekuan. Gallartan (Abanto Zierbena), erakusketa egun eta ordutegi hauetan bisitatu ahal izango da: urriaren 28an, igandez, 12:00etatik 20:00etara bitartean, eta hilaren 29an eta 30ean, astelehen eta asteartez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.