Tapia: “diesel motorren erabilera demonizatzen ari da, gasolina erabiltzen dutenak bezain iraunkorrak diren arren”

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren ustez, “diesel motorren erabilera demonizatzen ari da inongo premiarik eta inolako justifikaziorik gabe”, izan ere, aurrerapen teknologikoei esker, “gaur egun, diesel motorrak gasolina erabiltzen dutenak bezain iraunkorrak dira isurketa kutsatzaileei dagokienez”.  

Tapiak Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiarekin batera parte hartu zuen atzo, Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centren (BEC) gaur arte egiten ari den Oil & Gas Conference biltzarraren bigarren edizioaren inaugurazioan, eta jendaurreko agerraldian “diesel motorren erabilera inongo premiarik gabe demonizatzen ari dela” esan zuen. Horrekin batera, Tapia “mix energetiko adimenduna” egitearen alde agertu zen, “energia mota guztiak ahalik eta erarik iraunkorrenean bilduz”.

Balio-kateko eragile nagusiak parte hartzen ari dira Oil & Gas Conferenceren bigarren edizio honetan, Petronor ere tarteko dela. Hartara, ingeniaritzetako, kontsultoretzetako eta EPCetako profesionalek, ekipo eta osagaien hornitzaileek, teknologoek, operadoreek nahiz kontsumitzaileek bertatik bertara ezagutu ahal dituzte sektorearen azken aurrerapenak, informazioa trukatu eta gaitasunei neurria hartzeaz gain, gure artean antolatu eta nazioarteko oihartzuna duen sektorearen topaketa honi esker.