Gabon Bizkaia

Benito Lertxundi, "Bizkaia maite", bart Miribillan
Honela agurtu zituen Benito Lertxundik, bart gauean Bilbao Arena gainezka bete zuten 6.500 ikusentzuleak, Fair Saturday 2018 Irekitze Ekitaldia zela-eta, Petronorren laguntzapean.

Leire Gotik ongietorri gisa ekineran abestu zuen “Agur Jaunak” kantarekin hasita, amaierako burdina goritan eskainitako “Baga, biga, higa” propina arteraino, eta beti ere liluragarri gertatu ohi den Lertxundiren beraren “Bizkaia maite” tarteko, atzo Fair Saturday´2018 fundazioak Miribillan burutu zuen kontzertutzarra erabateko mugarri suertatu zen, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz.

Ordu bi eta erditan zehar, Jose R. Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean, mila inguru interpretek –musikariak, kantariak (Marta Urbieta), abesbatzak (hogeitik gora, Bizkai guztikoak), dantzariak, antzerkilariak eta titiriteroak, tarteko– sekulako ikuskizuna eskaini zuten, publikoa sutuz eta gaua uste baino laburrago gerta zedin eraginez.

Ekitaldi honen etekinak erabiliko dira Fair Saturday Fundazioaren “Barrera ikusezinak” mezenazgopeko kultura-programak finantzatzeko.