Euskadiko eguzki-parke fotovoltaiko handiena egingo dute, Petronor bazkide dela

Emiliano López Atxurra, Petronorren presidentea proiektuaren aurkezpenean.
Emiliano López Atxurra, Petronorren presidentea proiektuaren aurkezpenean.
Eguzki-energia fotovoltaikoko Euskadiko proiekturik handiena aurkeztu da astelehen honetan Gasteizen. Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN taldea dira bultzatzaileak, eta bazkideen artekoa da Petronor. Ekian izeneko eguzki-parkea Erribera Beitiko (Araba) Arasur industrialdean eta plataforma logistikoan kokatuko da, eta 24 MWpikoko instalatutako potentzia izango du. Horrek Euskadiren egungo ahalmena bikoiztuko du eta urrats nabarmena izango da Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategiaren helburuen baitan 2030. urterako energia elektriko berriztagarrien mailako helburuak betetzeko.

Ekian proiektua lankidetza publiko-pribatu modura eratu da. Bi sustatzaileek sozietate instrumental baten bitartez ekingo diote hogeita hamar urtez, instalazio fotovoltaiko horren energia sortzeko jarduera martxan jarri eta egikaritzeko zeregina duena. Sustatzaileokin batera, hainbat sektore eta esparrutako enpresa ugarik osatutako talde bat bildu da proiektuan, tartean Petronor. Guztira 24 milioi euroko inbertsio globala bideratuko dute eguzki-parkerako.

Planta fotovoltaikoa 55 hektareako hedadurako ‘La lágrima’ deritzan industria-finkan egongo da. Bakoitzak 355 watt dituen azken belaunaldiko 67.000 eguzki-panelen multzo batek osatuko du, eta guztira 24MWko instalatutako potentzia totala izango du, urtean gutxi gorabehera 40.000 MWh produzitzerainokoa. Hala, 15.000 familiak urtean egiten duten kontsumo elektrikoaren baliokide den energia elektrikoko ekarpena egingo du. Ekian proiektu aitzindaria izango da, eguzki-parke bat estrainekoz sustatuko baita instalatutako potentziaren zati baten ‘jabe’ izango diren enpresa ugariren lankidetzaren bidez.

Instalazio-obrak martxoan abiaraziko dira eta zenbait hilabetez luzatuko dira, lursailaren egokitzapen-faseak, eguzki-panelen instalazioa eta interkonexio elektrikoko lanak amaitu arte. Proba-fasea udazkenean hastea espero da, sarerako konexioaren ondoren, eta urte amaierarako-edo igaro liteke ahalmen beteko produkziora.

Proiektuaren aurkezpenean Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzálezek edo-ta Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak hartu zuten parte, besteak beste.