Lau film eskainiko dira euskal zinemaren zikloaren hurrengo saioan

‘Euskal Herri-Musika’.
Petronorrek babestutako ‘68aren ostean’ erakusketa dela-eta Bilboko Arte Ederretako Museoa egiten ari den euskal zinemaren bost hamarkadako atzera begirako zikloan hiru lan proiektatuko dira otsailaren 1ean (17:30etan) eta 3an (19:45etan): ‘Estado de excepción’ (Iñaki Núñez, 1976), ‘Escena de amor y guerra’ (Jon Bernat Heinink, 1982) eta ‘Euskal Herri-Musika’ (Fernando Larruquert, 1978).

Horrez gain, egun berberetan baina bestelako ordutegian (19:30etan hilaren 1ean eta 17:30etan 3an) Ivan Zuluetak 1979an egindako ‘Arrebato’ eskainiko da. Honakoa abangoardiazkoa izan zen bere sasoian, bai formari zein edukiari dagokionez, eta B serieko zuzendari bati buruz dihardu, maila pertsonalean zein sormenezkoan krisialdian dagoenaz.

‘Estado de excepción’ laburmetraia da, argazkien bidez Gernikako bonbardaketaz eta bertan hildako euskal herritar baten semearen bizitzaz diharduena. Azken honi heriotza zigorra ezartzen diote gerra irabazi dutenen aurka borrokatzearren.

‘Euskal Herri-Musika’, aldiz, luzemetraia dokumentala da, etnografikoa, euskal musika herrikoiari buruzkoa. Arrantzale, artzain eta baserritarren bizimodua islatzen du, eta horiek musikarekin duten harremana. ‘Ama Lur’ lan mitikoko teknika baliatu zuen muntaian, baina bere garaian ekoizpen hau ez zen behar bezala ulertua izan.