Petronorrek geldialdia egingo du findegiko Konbertsio unitatean, 52 milioi euroko inbertsioa tarteko

-Inbertsio hau izaera bereko azken Geldialdian erabili zena baino % 23,8 handiagoa da, izan ere, 2015eko Geldialdiak 42 milioi euroko aurrekontua izan zuen.

-Konbertsio unitatearen aurreko Geldialdia 2015ean egin zen, eta oraingoan, mantentze-lanekin batera, inbertsio teknologikoak egingo dira ekipoetan.

-Geldialdiak bi hilabete iraungo du eta 40 enpresatako 1.500 langileren baino gehiagoren kontratazioa ekarriko du, 450.000 lanordu inguru betetzeko.

-Lan hauetan parte hartzen duten langile guztiek, Petronorrekoek nahiz kanpokoek, Geldialdiari buruzko prestakuntza espezifikoa jasoko dute segurtasuna bermatzearren.

-Petronorren Geldialdiak etengabeko berritze eta hobekuntzarako prozesua dira, findegiari eraginkorragoa izaten, partikulen jarioa murrizten eta desulfurazio ahalmena gehitzen laguntzen diotenak.

Petronorrek Muskizko findegiko Konbertsio Unitatearen Geldialdia abiarazi du, 52 milioi euroko guztizko inbertsioaren bidez. Kopuru hau % 23,8 handiagoa da izaera bereko azken Geldialdian erabili zena baino, izan ere, 2015ean 42 milioiko inbertsioa egin zuen. Geldialdi berri hau, Petronorrek hasiera-hasieratik defendatzen duen etengabeko berrikuntzaren aldeko politikaren isla da. Horrela, geldialdiak iraungo duen bi hilabeteetan, 33 milioi euro inbertituko ditu ekoizpen-instalazioen mantentze eta eguneratze lanak egiteko, eta beste 19 milioi ekipoetan hobekuntza teknologikoak inplementatzeko.

Konbertsio unitatearen azken Geldialdia 2015ean egin zen, duela lau urte. Oraingo honetan, Petronorrek hobekuntza teknologikorik berritzaileenak inplementatuko ditu, konpainiak berrogeita hamar urteko historian bereizgarri izan dituen segurtasun eta berrikuntza arloetako goi-mailako estandarrei eusteko.

Konbertsioaren Geldialdia eta unitateak berriz ere abian jartzeko lanak era sekuentzialean egingo dira. Bitarte horretan, ekipoak ireki, garbitu, berrikusi eta berregokituko dira, normalean bost urteko iraupena duen hurrengo eragiketa-zikloan behar bezalako funtzionamendua izango dutela bermatzeko asmoz.

Lanak urtarrilaren 15a aldera hasi eta martxoaren erdialdera arte luzatuko dira, 40 enpresatako 1.500 langileren baino gehiagoren parte-hartzeaz. Guztira, 450.000 lanordu inguru beharko dira, batez ere metalurgiaren inguruko zereginetarako, eta lan hauetan, aldi berean, galdaragileek, tutugileek, soldatzaileek, aldamiogileek, kalorifugadoreek, mekanikariek, elektrikariek eta instrumentistek parte hartuko dute, besteak beste.

Haiekin batera, Petronorreko Konbertsioan lan egin ohi duten pertsonek ere parte hartuko dute, izan ere, azken hauek nahitaezko eginkizuna betetzen dute Geldialdiaren garapenean, unitateak prestatzeaz arduratzen baitira konpainia espezialistek segurtasunezko baldintzetan lan egiteko modua izan dezaten. Era berean, konpainiak egindako plangintza zorrotzak, Geldialdian ere, hartutako horniketa-konpromiso guztiak beteko direla bermatuko du, Petronorren stockei esker eta konpainia kide duen Repsol Taldeko findegien arteko laguntza-harremanei esker.

Segurtasuna bermatzearren, Geldialdian parte hartzen duten langile guztiek, Petronorrekoek nahiz kanpokoek, prestakuntza espezifikoa jasoko dute findegiko lan-prozedurei buruz eta Geldialdian egunez egun bete beharreko jardunei buruz. Gainera, Geldialdian, Petronorren segurtasun arloko koordinazio taldea ez ezik, findegiak berariazko laguntza-taldea ere izango du altuerako lanetarako eta erreskate industrialerako.

Petronorren Geldialdiak etengabeko berritze eta hobekuntzarako prozesuak dira, findegiari eraginkorragoa izaten, partikulen jarioa murrizten eta desulfurazio ahalmena gehitzen laguntzen diotenak. Horrela, Petronorrek ingurunearekiko zein ingurunea partekatzen duten pertsonekiko konpromisoa berresten du etengabe.

Aurreko urteetako Geldialdietan bezalaxe, Petronorren oraingo Geldialdiak ere eragin positiboa izango du ingurunean, izan ere, tamaina horretako mantentze-lan handiek okupazio-maila altua eragin ohi diete eskualdeko ostalaritza eta ostatu zerbitzu ia guztiei.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegu-sortzailerik handiena bilakatu da. Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu eta 201 pertsona laneratu ditu.

Petronorrek Bilboko Portuko joan-etorri guztien % 40 baino gehiago eragiten du. Ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, hau da, Bizkaiko esportazio guztien % 18,21 edota Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioaren % 9,7. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.