Petronorrek geldialdia egingo du Konbertsio unitatean, 52 milioi euroko inbertsioa tarteko

Petronorrek Muskizko findegiko Konbertsio Unitatearen Geldialdia abiarazi du, 52 milioi euroko guztizko inbertsioaren bidez. Kopuru hau % 23,8 handiagoa da izaera bereko azken Geldialdian erabili zena baino, izan ere, 2015ean 42 milioiko inbertsioa egin zuen.

Geldialdi berri hau, Petronorrek hasiera-hasieratik defendatzen duen etengabeko berrikuntzaren aldeko politikaren isla da. Horrela, geldialdiak iraungo duen bi hilabeteetan, 33 milioi euro inbertituko ditu ekoizpen-instalazioen mantentze eta eguneratze lanak egiteko, eta beste 19 milioi ekipoetan hobekuntza teknologikoak inplementatzeko.

Lanak urtarrilaren 15a aldera hasi eta martxoaren erdialdera arte luzatuko dira, 40 enpresatako 1.500 langileren baino gehiagoren parte-hartzeaz. Guztira, 450.000 lanordu inguru beharko dira.

Segurtasuna bermatzearren, Geldialdian parte hartzen duten langile guztiek, Petronorrekoek nahiz kanpokoek, prestakuntza espezifikoa jasoko dute findegiko lan-prozedurei buruz eta Geldialdian egunez egun bete beharreko jardunei buruz. Gainera, Geldialdian, Petronorren segurtasun arloko koordinazio taldea ez ezik, findegiak berariazko laguntza-taldea ere izango du altuerako lanetarako eta erreskate industrialerako.

Petronorren Geldialdiak etengabeko berritze eta hobekuntzarako prozesuak dira, findegiari eraginkorragoa izaten, partikulen jarioa murrizten eta desulfurazio ahalmena gehitzen laguntzen diotenak. Horrela, Petronorrek ingurunearekiko zein ingurunea partekatzen duten pertsonekiko konpromisoa berresten du etengabe.

Prentsa oharra, hemen.