SUMBilbao 19 biltzarrak Bilbao hiri-mugikortasun jasangarriaren munduko hiriburu bihurtuko du

José Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanetako zuzendaria, Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi zein alkateorde eta Gorka Martínez BBKren zuzendari nagusia, biltzarraren aurkezpenean.
José Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanetako zuzendaria, Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi zein alkateorde eta Gorka Martínez BBKren zuzendari nagusia, biltzarraren aurkezpenean.
Biltzarra otsailaren 20an eta 21ean ospatuko da Euskalduna Jauregian, non mugikortasunaren etorkizuna eta honek Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzean duen eragina aztertuko den.

Bost kontinenteetako 40 aditu eta ordezkari oinarrizko hiru ardatzez eztabaidan jardungo dira: politika publikoak, teknologia eta berrikuntza, eta garapenerako aukerak.

SUM Bilbao 19k mundu osoko hirien mugikortasunaren, energiaren eta digitalizazioaren eremuko arrakasta kasuak eta esperientziak aditzera emango ditu.

Bilboko Udalak eta Petronorrek mundu mailan mugikortasunaren inguruan premiazkoenak diren arazoak eta mugikortasunak dakartzan aukerak jorratzeko antolatzen dute ekitaldia.

Ekitaldiak BBKren parte-hartzea ere izango du, eta honek, ibilgailu elektrikoari eta mugikortasun iraunkorrari buruzko zenbait jarduera antolatuko du Euskalduna jauregiaren inguruan.

 

XXI. mendeko hirietan munduko biztanleriaren % 55etik gora bizi da eta bertan metatzen dira jarduera ekonomiko gehienak. Ondorioz, munduko baliabideen eta energiaren zati handi bat hirietan kontsumitzen da. Hortaz, hirien hazkuntza dela medio, pertsonen eta salgaien mugikortasuna hiriek aurrean duten erronkarik garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Testuinguru honetan, Bilboko Udalak eta Petronorrek SUM Bilbao 19, Bilbao hiri-mugikortasun jasangarriaren munduko hiriburu bihurtuko duen biltzarra, antolatu dute.

Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi eta alkateorde Alfonso Gilek, Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanetako zuzendariak, José Ignacio Zudairek, eta BBK-ko Zuzendari Nagusiak, Gorka Martinezek biltzarra aurkeztu dute, otsailaren 20an eta 21ean Euskalduna Jauregian ospatuko dena, non mugikortasunaren etorkizuna eta honek Nazio Batuak zehaztutako Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) lortzean duen eragina aztertuko den.

SUM Bilbao 19 Biltzarran bost kontinenteetako 40 aditu eta ordezkarik baino gehiagok hartuko du parte, hala nola Lehendakariak, Iñigo Urkulluk; Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak, Teresa Riberak; Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok; Petronorreko presidenteak, Emiliano López Atxurrak; Repsoleko presidenteak, Antonio Brufauk; Europako Batzordeko Mugikortasun eta Garraiorako zuzendariondoko orokorrak, Matthew Baldwinek; Garraio eta Garapen Politiken Hego Asiako Institutuko zuzendariak, Shreya Gidepallik; Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak; Vigoko alkate eta Espainiako Udalerri eta Probintzietako Federazioaren (FEMP) Presidenteak, Abel Caballerok; eta Vitoria-Gasteizko, Donostiako eta Irungo alkateek, Gorka Urtaranek, Eneko Goiak eta José Antonio Santanok, hurrenez hurren.

Hiri-mugikortasun jasangarriko sistemak eraiki eta finkatzearen alde estrategikoei buruz jardungo dira eta mundu osoko hirien mugikortasunaren, energiaren eta digitalizazioaren inguruko esperientziak emango dituzte aditzera. Biltzarra bi egunetan egingo da eta hiru dira jorratuko diren ardatz nagusiak: politika publikoak, teknologia eta berrikuntza eta garapenerako aukerak.

Lehenengo ardatzari dagokionez, jasangarriagoa den mugikortasuna bermatuko duten estrategiak eta politika publikoak ezartzearen garrantziaz eztabaidatuko da. Ingurumenarekin, gizartearekin, politikarekin eta ekonomiarekin lotutako mugikortasunaren inpaktuak hiriek energia eredu berri baterako iragatearen alde egiten duten apustua areagotu du eta, ondorioz, garraio eta hiri-mugikortasun sistemak goitik behera aldatu dira.

Alde horretatik, oso garrantzitsua da adibide gisa baliatuko ditzakegun esperientziak eta arrakasta kasuak ezagutzea. Hori dela eta, SUM Bilbao 19n, administrazio publikoetatik, toki-ingurunean hiri-mugikortasun jasangarrirako eredu berriak sustatzeko xedearekin abian jartzen ari diren proiektuak aurkeztuko dira. Eredu hauek hainbat alderdi hartzen dituzte barnean: gizarte-garapena, hiri-plangintza, osasuna, segurtasuna, ingurumena, teknologia eta berrikuntza, besteak beste.

Biltzarraren bigarren ardatzak informazioaren eta komunikazioaren teknologiek, IKTek, digitalizazioan oinarritutako mugikortasun jasangarrirako konponbideen sortzaile gisa duten paperari ekingo dio. IKTak mugikortasunaren aliatu estrategikoak dira eta arlo horretan duten eragina balio-kate osoan zehar hauteman daiteke.

Era honetan, IKTek energien horniduran, lankidetzako ekonomian, softwarearen bilakaeran eta eraldaketa teknologien ekosistemaren garapenean duten eragina ikusten da. Azken arlo honek gauzen interneta (IoT), errealitate birtual eta areagotua, blockchain-a eta fabrikazio gehigarria barne hartzen ditu. Funtzionaltasun hauek guztiek mugikortasunaren jasangarritasuna bermatzen dute.

Hirugarren ardatzari dagokionez, hiri-mugikortasun jasangarriak lurraldeen garapen sozioekonomikorako planteatzen dituen aukerak aztertuko dira.

Alde batetik, mugikortasun jasangarrirako politiken ondorioz ezarritako ekintzek onura ekonomikoak dakartzate, mugikortasun eredu berrien zerbitzura dauden energien eta teknologien inguruko merkatu berriak sortuz. Halaber, balio-kate osoan zehar nabarmena den eragin biderkatzaile bat sortzen da, garraioen fabrikaziotik eta azpiegituren eraikuntzatik hasita eta carsharing bezalako mugikortasun zerbitzuen eskaintzara iritsi arte, I+G+b prozesuak ahaztu gabe.

Bestalde, ekintza hauek gizarte mailako onurak sortzen dituzte baita ere. Izan ere, hiritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute eta lanpostu berriak sortzen dituzte.

Hiru ardatz nagusi hauen bidez, SUM Bilbao 19k garraio eta mugikortasun sistemek izandako eta izaten jarraituko duten aldaketak aztertuko ditu, haien funtzionamendurako beharrezkoak diren energia-iturrien arabera. Ildo beretik, biltzarrean energiaren sektoreko eraginei, eraldaketei eta garapenei buruz jardungo dira, energia elektrikoaren hornikuntzara zuzendutako jarduera guztiak kontutan hartuz: sorrera, garraioa, banaketa, energia kargatzeko zerbitzuak, erkidegoen arteko edo nazioarteko merkaturatzea eta trukea, eta baita sistema elektrikoaren kudeaketa ekonomiko eta teknikoa ere.

Azken finean, SUM Bilbao 19ren antolakuntzarekin, Bilboko Udalak eta Petronorrek mugikortasunaren mundu-mailako premiazkoen nahiz sakonen diren arazoei eta mugikortasunak dakartzan aukerei helduko diete. Biltzarra antolatzeko bi erakundeen elkarlana biek etorkizunean hirien garapen jasangarria sustatuko duen mugikortasun eredu baten alde egiten duten apustuaren isla da.

Bilboko Udalari buruz

Bizkaiko hiriburuak Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen elkarteko kide da. Hau nazioartean tokiko eta eskualdeko gobernuen munduko erakunderik handiena da, Nazio Batuak edo Europar Batasuna bezalako nazioz gaindiko instituzioek aintzat hartzen dutena.

Testuinguru honetan, Bilbok, hiri-eraldaketa prozesuetan mundu-mailako erreferente den heinean, biltzarra Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen esparruko hausnarketarako eztabaida-leku gisa hartuko du. Honen helburua jasangarria den mugikortasunean aurrera egitea da, hau hirien jasangarritasuna lortzeko funtsezko gaia baita.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio gordin ekoizteko ahalmena du eta Espainiako findegirik handiena da. Konpainiak 50 urte darama garraiorako eta zirkulaziorako erregaiaz hornitzen eta bere hurrengo 50 urteak, ikuspegi jasangarri batetik, etorkizuneko mugikortasunerako energiez hornitzen aurreikusten eta planifikatzen ditu.

940 langile ditu eta, zeharka, 6.200 pertsonari ematen die lana, beraz, inguruko enplegu-sortzailerik handiena da. Gainera, azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak izan ditu.

Petronorrek Bilboko Portuko mugimenduaren % 40 baino gehiago sortzen du eta bere ekoizpenaren heren bat baino gehiago esportatzen du, hots, Bizkaiko esportazioen % 18,21 eta Euskadiko ekoizpenaren % 9,7. Ogasunari urtean 700 M€-tik gorako ekarpena egiten dio, batez beste. Honek Bizkaiko bilketa garbi osoaren % 10 suposatzen du.