Petronorren Jarraipenerako Mahaiak berriki nabaritu diren usain txarrek eragindako haserrea helarazi dio enpresari

Petronorren Jarraipenerako Mahaia.
Petronorren Jarraipenerako Mahaia.
Petronorren Jarraipenerako Erakunde Arteko Mahaiak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bilduta, erabaki du enpresari helarazi batzordea osatzen duten erakunde guztien haserrea herritarrei eragindako kalteagatik, eta halakorik berriz ere ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan eskatu.

Mahaiak gogorarazi nahi izan du usain txar horiek ez zituztela gainditu erreferentziazko alerta-balioak eta larrialdi-balioak, baina kezka handia eragin zutela instalaziotik hurbil dauden herrietako biztanleengan. Petronorrek egindako jarduera arruntaren jarraipenari dagokionez, Mahaiak jakinarazi du 2018an ez dela ez-betetzerik gertatu airearen kalitatearen ikuspuntutik.

Ohiko jarraipenaz gainera, Ingurumen Arloak bi neurketa-kanpaina egin zituen iaz unitate mugikorrekin, Osasun Publikoaren Arloarekin koordinatuta. Ildo horretan, adierazi beharra dago Muskizen, San Julianen, Abanton eta Las Carrerasen emisioak kontrolatzeko instalatutako lau kontrol-kabinak homogeneatu egin direla eta neurketa-parametroak gehitu.

Bestalde, azken urtean enpresaren Ingurumen-Baimen Bateratua berrikusi da eta eskuragarri dauden hobekuntza teknikoetara egokitu. Ondorioz, mugako emisio-balio murriztaileagoak finkatu dira, hileko mugako emisio-balioez gain ordukoak, egunekoak edo 48 ordukoak ezarri dira, eta hidrokarburo likido lurrunkorren zamalanetan konposatu organiko lurrunkorren emisioak murrizteko beste neurri batzuk hartu, % 95eko berreskuratze-tasa lortzeko helburuaz.

Erakunde Arteko Mahaiko kide guztiak izan dira bileran. Alegia, Eusko Jaurlaritzako arloak (Ingurumena, Larrialdietako Arreta, Osasun Publikoa, Garapen Ekonomikoa eta Energia) eta Muskiz zein Abanto-Zierbenako Udalak.