Bi film entzutetsu euskal zinemaren zikloko hurrengo jardunaldian

Tasio filmaren kartela.
‘68aren ostean’ izenburupeko erakusketaren inguruan Arte Ederretako Museoan egiten ari den euskal zinemaren bost hamarkadako zikloaren barruan ospe handiko bi film eskainiko dira otsailaren 8an eta 10ean. ‘El pico’ (Eloy de la Iglesia, 1983) 17:30etan proiektatuko da barikuan, eta 19:30etan domekan. ‘Tasio’ (Montxo Armendariz, 1984), alderantziz, 19:30etan barikuan eta 17:30etan domekan.

‘El pico’ polemikoa izan zen bere sasoian. 80. hamarkadaren hasierara eramaten du ikuslea. Orduko hartan Goardia Zibilaren komandante bat konturatzen da 17 urteko Paco bere semea, Akademia Militarrean sartzekotan dagoena, heroinomanoa dela. Bere lagunmin Urko, ezker abertzaleko buru baten semea den bezalaxe. Pacok aitaren pistola batekin ihes agiten du etxetik, eta mundu ezezagun batekin egingo du topo.

Oso bestelakoa da ‘Tasio’ren argumentua. Hamalau urte zituenetik ikazkin modura ari da Tasio nafar herri txiki batean, Urbasan. Bizitza aldatzen doa, baina mendiak betikoan dirau, malkartsu eta eder. Askok, bizimodu hobearen bila, menditik alde egiten duten arren, Tasiok nahiago du bertan bakardadean geratu eta bere askatasunari eustea.