Bi film interesgarri euskal zinemaren zikloan

‘Días contados’ filmaren kartela.
‘68aren ostean’, Petronorren babespeko erakusketaren baitan egiten ari den euskal zinemaren zikloan bi film izango dira ikusgai bihar, hilak 15, eta 17an: ‘Días contados’ (Imanol Uribe, 1994) eta ‘Hotel y domicilio’ (Ernesto del Río, 1995). Lehena 17:30etan proiektatuko da bihar, eta 19:30etan igandean. Eta Del Ríorena, ostera, 19:30etan eta 17:30etan, hurrenez hurren. Biak Bilboko Arte Ederretako Museoko auditorioan.

Lehenengo pelikulan Antoniok, ETAko kide denak, atentatu bat egin aurreko egunetan Charo ezagutzen du, hamazortzi urteko drogazale bat. Honek, nahiz eta giro likitsean hazi den, inozentziari eusten dio. Carmelo Gómez eta Ruth Gabriel dira aktore nagusiak.

‘Hotel y domicilio’ren gaia zeharo ezberdina da. Ángelek tamaina ertaineko hiri bateko Entzutegian lan egiten du mediku forentse gisa. Bere bikoteak utzi ondoren kontaktu agentzia batera doa eta han ezagutzen ditu Bruno eta Mavi. Jorge Sanz eta Santiago Ramos dira protagonistak.