Euskal zinemaren atzera begirakoak ez du etenik

‘El día de la bestia’ filmaren kartela.
Hilaren 22 eta 24rako bi film berri dakartza euskal zinemaren bost hamarkadari buruzko zikloak, ‘68aren ostean’ erakusketaren inguruan Bilboko Arte Ederretako Museoaren auditorioan egiten ari denak. Honakoan ‘El día de la bestia’ (Álex de la Iglesia, 1995) eta ‘El último viaje de Robert Rylands (Gracia Querejeta, 1996) datoz. Lehena 22ko 17:30etan ikusi ahal izango da, eta 24ko 19:30etan. Bigarrenaren ordutegia alderantzizkoa izango da.

‘El día de la bestia’ arrakasta handiko filma izan zen. Alex Angulo eta Santiago Segura dira protagonista nagusiak; eta 6 Goya sari jaso zituen, zuzendari onenari eta ezagutzera emandako aktoreari zegozkionak tartean. Apaiz batek uste du San Juanen araberako Apokalipsiko mezu sekretua deszifratu duela: Antikristoa Madrilen jaioko da 1995ko abenduaren 25ean. Satanasen semearen jaiotza eragozteko apaizak José Maríarekin bat egiten du, death metal-aren zale den gazte batekin.

Bigarren filmean Ben Cross eta William Franklin aktoreak dira protagonistak. Javier Mariasen ‘Todas las almas’ eleberriaren moldaketa libre –eta polemikoa- da. Oxford-eko espainiar irakasle bat han oso ospetsu den gizon baten itzuleraren lekuko da.