Ascri kongresuak sektoreko 500 profesional inguru bildu ditu Euskaldunan

Iñigo Urkullu lehendakaria, José María Zalbidegoitia Petronorreko Administrazio Kontseiluko kidearekin (bere ezkerretara), eta beste agintariekin. Lehena, argazkiaren ezkerretara Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea.
Sektoreko 500 profesional inguru bildu dira gaur Euskalduna Jauregian Kapital, Hazkunde eta Inbertsioaren Espainiako Elkartearen (Ascri) urteko batzarraren kariaz. Elkartearen presidente Miguel Zuritaren esanetan, Ascrik 26.000 milioi euro inguruko funtsak ditu eta milioi erdi pertsona inguru lanean diharduten 2.500 espainiar enpresatan inbertitu du. Kongresuak Petronorren babesa izan du.

Kongresuaren irekierako agerraldian, Iñigo Urkullu lehendakariak gonbidapena luzatu dio Estatuko zein nazioarteko arrisku-kapitalari, Eusko Jaurlaritzak arrisku-kapitaleko funts publiko-pribatua eratzeko abian duen proiektuarekin bat egin dezan, euskal enpresetan inbertitu eta hauen hazkundean laguntzeko 250 milioi euro ere erakartzeko asmoz.

Euskadik inbertsioak erakartzeko eskaintzen dituen abantailak nabarmentzean, Lehendakariak argi du “gure konpromisoa argia dela: egonkortasuna, enpresarekiko hurbiltasuna eta lankidetza”  publiko-pribatua. 250 milioiko funtsaren helburua, Urkulluk inbertsiogileen aurrean adierazi duenez,  “potentzialtasun teknologikoa eta nazioartekotzeko aukera duten kapitalizazio ertaineko enpresen hazkundea eta hedapena bermatzea”  da.