Petronorrek eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak Enrique Sendagorta Beka sortu dute Ingeniaritza tituludunen artean bikaintasunezko heziketa sustatzeko

Enrique Amezua eta Emiliano López Atxurra.
Bere sorrerako 50. urteurrenaren ekitaldien baitan, Petronorrek, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin lankidetzan, urteroko Enrique Sendagorta Beka sortu du, sortzaile eta Findegiko lehen presidente izan zuenaren eta 2018an hildakoaren omenez. Enrique Sendagortak eta bere anai José Manuelek etorkizunari aurrea hartzen jakin zuten, eta eurei dagokie, beste hainbat lorpenekin batera, Petronor lehen mailako proiektu industriala izatea, ingeniaritza aeroespazialaren eta ontzigintzakoaren alorrean biek sortutako Sener-en mugarriak ahaztu gabe.

Beka abiatzeko komenioa sinatzeko ekitaldian, Ingeniaritza Eskolan, Emiliano López Atxurra Petronorren presidenteak Sendagorta ekarri du gogora Euskal Herriko “espiritu enpresarialaren benetako ordezkari”  modura eta bikaintasunezko hezkuntzaren alde jo du lehiakor izaten jarraitzeko. “Baliabide ekonomikoak oztopo izan gabe gazteei aukerak eman behar zaizkie”,  adierazi du, “etorkizunerako hazia ereinda”.  Ingeniaritza Eskolako zuzendari Enrique Amezuak, ostera, “tituludunek heziketa sendoa”  izan dezaten aldarrikatu du, “gaitasuna eta gogoa duen inor arrazoi ekonomikoengatik baztertuta gera ez dadin”  eskatuz.

Urtero Petronorrek 50.000 euro emango ditu guztira, 25.000 euronako bi beka eskaini eta Ingeniaritza Industrialeko Eskolako bertako Unibertsitate-Masterreko bi ikasleren ikasketetan laguntzeko, ospe handiko unibertsitateekin Bilboko Ingeniaritza Eskolak sinatuta dituen nazioarteko komenioen baitan titulazio bikoitzarekin euren heziketa-ibilbidea osa dezaten. Energiaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloetan ingeniarien nazioarteko prestakuntza aurreratua babestea da helburua.

Hautagaiek berebiziko espedientea beharko dute, euren egonaldiaren hasieran eta amaieran txosten bat aurkeztearekin batera. Jomugako unibertsitateetan burutu nahi diren ikasketek Petronorrenaren antzeko jardunaren inguruko gaiak izango dituzte. Espediente akademikoaz gain, hautagaien motibazioa hartuko da kontuan, eta baita Findegiaren eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren dibulgazio lanak jomugako unibertsitateetara eramateko konpromisoa ere.

Bideoa, hemen.