1. Findegia, Petronorren bihotza

1. Findegia Geldialdian.
Maiatzaren 27an hasi zen Geldialdia Petronorren 1. Findegian, konpainiak dituen bi findegietako handienean. Instalazio honek Bilboko Portutik jasotzen du petrolio gordina eta konpainiaren beste unitate batzuei zerbitzua emateko prozesatzen du. Findegiaren bihotza da.

Petróleos del Norte 1968ko azaroaren 30ean eratu zen petrolioaren produktuak eta deribatuak findu eta merkaturatzeko asmoz. Sorreraren ondoren, inbertsio handiak bideratu ziren 1. Findegiaren eraikuntza ahalbidetzeko. Lantegi hau eragiketan jarduteko osagai guztiez hornituta zegoen: gordina, bitarteko produktuak zein salmenta eta kontsumorako prest dauden bukatutako produktuak biltegiratzeko parkea, eta ura arazteko eta sufrea berreskuratzeko sistema propioak. Bai eta zegozkion Ingeniaritza, Mantentze-Lanak, Segurtasuna, Programazioa, Ekoizpena, Ekonomia eta Finantzak, eta Giza Baliabideak sailetako zuzendaritzak ere.

Gainera, Punta Luceroko kai-muturraren eta findegiarekin lotzen duen poliduktuaren eraikuntza hasi zen. 1972ko ekainaren 30an, lehendabiziko petroliontzia atrakatu zen Santurtziko kaian, William Larimer Mellon deritzona, Gulf Oil konpainiarena, eta urte hartan prozesatu beharreko lehen kargamentua utzi zuen: 2,6 milioi tona petrolio gordin. 1972ko uztailean, 1. findegia jardunean zegoen, eta ongorengo bi urteetan gaitasunik gorenean jardun zuen.

Lehenengo findegi honek Bilboko portua bultzatu zuen, ordura arte eskaintzen zituen itsas zerbitzuen tamaina aldatuz; gerora, atoiontziak potentzia handiagokoak izango ziren, eta Petronorren ontzi-enpresako itsasontziek 800.000TRB zituzten, guztira. Hortaz, Estatuan garraio-gaitasunik handiena zuen ontzi-enpresa izan zen.

Eta horrela, 1. Findegiarekin hasi zen industria arloko proiektu garrantzitsu hau, egun Estatuko findegirik handiena bihurtu dena, urteko 12 milioi tona gordin ekoizteko ahalmenarekin.