Petronorrek Euskadiko 1.550 liburutegi eta ikastetxetan banatu du Artiko dokumentala

Petronorrek Artiko film laburraren 1.550 kopia banatu ditu USB formatuan Euskadiko 304 liburutegi eta 1.246 ikastetxetan. Artiko Jesús Mari Lazkanoren azken proiektu artistikoa da eta honek Svalbard-etako artxipelagora egin duen bidaiaren berri ematen du, Ipar Polo geografiko parera. Petronorrek babestu du, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera.

Dokumentala burutzeko, Jesús Mari Lazkanok Josu Venero ekoizlea eta Xabi Paya bertsolaria izan ditu lankide. Azken honek gidoi gogoangarria gehitu dio filmari, hitzak eta hotsak maisutasunez uztartzen dituena, aliterazioz josia, poesiaz gainezkakoa. Elkarrekin lortu dute ikus-entzunezko esperientzia bakar eta aberasgarria sortzea, gure munduaz, inguruneaz eta gizakiaren sormenaz mintzo zaiguna.

Artikon izan duen parte-hartzea Euskadiko kulturari, arteari eta kirolari emandako luzaroko babesaren baitan kokatzen du Petronorrek, bere ardura sozial korporatiboaren baitan. Dokumentalaren banaketak Artikoren gisako ikus-entzunezko proiektu bikaina euskal gizartearekin partekatzea du helburu, Jesús Mari Lazkanorekin batera egindako bidaia itzelaren berri ematea.

Bideoa, hemen.