Somorrostro Prestakuntza Zentroak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute Ingeniaritza Mekatronikoa eskaintzeko Bizkaian

Juan Mª Palencia Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren presidentea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailburua eta Joseba Segura Marcelo Gangoiti Fundazioaren presidentea, prentsaurrekoan zehar.
Juan Mª Palencia Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren presidentea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailburua eta Joseba Segura Marcelo Gangoiti Fundazioaren presidentea, prentsaurrekoan zehar.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Ingeniaritza Mekatronikoko Gradua eskainiko du Bizkaian, Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin lankidetzan, 2020-2021 ikasturtetik aurrera.

Erakundeok izenpetu berri duten lankidetza-hitzarmenaren arabera, bi ikastetxeotako irakasleek elkarlanean jardungo dute, Ingeniaritza Mekatronikoko Gradua ematen, etengabeko prestakuntza modu koordinatuan eskaintzen eta ikerketa-proiektuak eta enpresei zuzendutako transferentzia-proiektuak gauzatzen.

Hitzarmenaren ondorioz, Mondragon Unibertsitateak eta Somorrostro Elizbarrutiko Irakas-guneak profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako programak ere sortuko dituzte, bi ikastetxeetako irakasleek irekian edo eskaripean emango dituzten tituluen bidez. Inguruko enpresen interesei eta jarduerei jarraiki diseinatuko dira, teknologiaren alorrean betiere.

Era berean, ikerketaren eta ezagutza-transferentziaren alorrari dagokionez, Bilbo Handiko enpresek ezagutza teknologikoan dituzten beharrak antzematen lagunduko du hitzarmenak, baita behar horiei erantzuteko ikerketa- eta transferentzia-jarduerak martxan jartzen ere.