Somorrostro PZko ibilgailu elektrikoak sareetako komunikazio onenaren saria lortu du Euskelecen

“SomosWatts” taldea, bere sariarekin.
Somorrostro Prestakuntza Zentroko automobilgintza arloko zikloetako Gradu Ertaineko eta Goi Graduko ikasleek osatu eta Petronorrek babestutako “SomosWatts” taldeak ibilgailu elektrikoaren prototipo berria aurkeztu zuen Donostian ekainaren 5ean, eta “Sareetako komunikazio onenaren saria” jaso zuen Euskelecen bigarren edizioan.

Lehiaketa euripean hasi zen eta frenatzeko proba bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, azeleratzeko probak egin ziren, eta horietan “SomosWatts” taldeak bigarren postua lortu zuen. Slalom proban, aldiz, bosgarrena izan zen. Arratsaldeko txandan, euriak emandako tarteaz baliatuta, erresistentzia proba egin zen, eta honetan, Somorrostro Prestakuntza Zentroko ibilgailuak seigarren postua lortu zuen. Azkenik, egun osoan Zentroko Telekomunikazio zikloko ikasleekin batera egindako lan handiaren ondorioz, “Sareetako komunikazio onenaren saria” irabazi zuen.

Euskelec, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatu eta Tknika zentroak Alterityrekin batera antolatzen duen proiektua da. Honetan parte hartzen dutenek ibilgailu elektrikoaren prototipoa diseinatu eta eraiki behar dute, osagai hauetatik abiatuta: motorra, motorraren kontrolagailua eta bateriak. Euskadiko LHko ikastetxeek fabrikatutako ibilgailu elektrikoen lehiaketaren bigarren edizio honetan, hiru Lurralde Historikoetako Lanbide Heziketako 16 ikastetxetako 200 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute.