Brufau: “Politikariek pragmatikoagoak izan behar dute klima-aldaketaren aurkako borrokan”

Antonio Brufau Repsolen presidentearen iritziz, “politikariek pragmatikoagoak izan behar dute”  klima-aldaketaren aurkako borrokan, izan ere, kontuan hartzen ez dituzten ekimen askok “askotariko soluzioak”  eman litzakete.

Brufauk sinatu eta joan den igandean ‘Financial Times’ egunkari ekonomikoaren webgunean argitaratutako artikulu batean, Repsolen presidenteak argi esan du “erregai fosilen demonizazioa kaltegarria dela oro har Europako industriaren lehiakortasunerako”,  eta horren eraginez, kasu askotan, “ekoizpena legeria bigunagoa duten beste herrialde batzuetara eramatera behartuta dagoela”,  planeta osoko CO2 isurpenen goranzko joera bere horretan mantenduz.

Artikuluan, gogoeta zabalagoa eskatu du, isurpenak murrizteko eraginkortasun eskasekotzat jo dituen Europa mailako zenbait politikari buruz. Horren harira, Brufauk goitik behera defendatu du industriak kontinentean historikoki izan duen garapenaren aldeko eragin berritzailea, eta tamalgarritzat jo du Europan “ondo ordaindutako lanpostuak sortzeko eta industria arloko berrikuntzaren lidergoari eusteko gertatzen ari den gaitasunaren murrizketa”.

“Politikariek pragmatikoak izan behar dute klima-aldaketaren aurkako borrokan”  izenburuko artikulu horretan, Brufauk zenbait soluzio proposatu ditu; hala nola, hidrokarburoen gaineko zergaren % 15 eskala handiko basoberritze-programetara zuzentzea, Europako errepide bidezko garraio sektore osoaren isurpenak orekatzeko eta, horren bitartez, karbonoaren hustubide eraginkorra lortzeko, CO2 deuseztatzeko beste teknologia batzuk ontzen diren bitartean.

Ibilgailuen flota berritzea da Repsolen presidenteak proposatu dituen beste soluzioetako bat, izan ere,  “Espainian, ibilgailuen batez besteko adina 12 urtekoa dela kontuan hartuta, Gobernuak askoz ere bizkorrago murriztu ahal izango lituzke CO2 isurpenak, herritar gehienei barne-errekuntzako motor zaharrak motor berriekin ordezkatzen lagunduko balie”.

“Nire enpresan  -ziurtatu du Repsolen presidenteak-, findegiek % 20 murriztu dute kontsumo energetikoa azken hamar urteotan energia-eraginkortasunari esker”,  eta horren aurrean, “politikariek ez diete eraginkortasunaren mesedeko pizgarririk eskaintzen herritarrei”;  hala nola, LED argiak nahiz fabrikazio berriko etxetresna elektrikoak erosteko edo eraikinak isolatzeko laguntzak.