Bidaideak BSRek denboraldi berrirako taldea eta helburuak aurkeztu ditu

Bidaideak BSRen lehen taldea.
Petronorrek babesten duen Bidaideak gurpil-aulkiko saskibaloi taldeak 2019-2020 denboraldirako jokalariak eta helburuak aurkeztu ditu gaur goizean Bilbon. Etxean jokatu beharreko partidei dagokienez, denboraldia Txurdinagan hasiko da larunbatean, 18:30etatik aurrera, Madrilgo Las Rozas taldearen aurkako norgehiagokarekin.

Estatuko zein nazioarteko elitean jarraitzeko helburu profesionalari eta bizkaitarrak bereganatzeko helburu sentimentalari jarraiki, Bidaideak BSRek oraingo denboraldirako lehen taldea aurkeztu du, aurrekoan izandako jokalari berberak bilduz. Gainera, hamabi jokalarietako zazpi Tokioko joko paralinpikoetan lehiatuko dira datorren urtean; lau espainiar selekzioarekin (Asier García, Txema Avendaño, Manu Lorenzo eta David Mouriz), bi Australiakoarekin (Jannik Blair eta Tom O’Neill) eta bat AEBetako selekzioarekin (Joshua Turek).

Horrekin batera nabarmendu behar da kirol honen nazioarteko federazioak Bilbo aukeratu duela Champions Leaguearen egoitzatzat, eta urtarrilaren 31n eta urtarrilaren 1ean jokatuko dela Txurdinagako Kiroldegian. Talde hauek neurtuko dira: Alemaniako RSV Lahn Dill (6 aldiz txapelduna eta 4 aldiz txapeldunordea), Italiako Decco Giulianova, Frantziako CS Meaux eta Turkiako TYSK Rehab Merkezi.

Klubaren ordezkariekin, teknikariekin eta jokalariekin batera, aurkezpen ekitaldian izan dira Bilboko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Erroteta eta Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatu Lorea Bilbao.