Burdin Jaiak bisitarien errekorra hautsi du

Autokarabanen topaketa, Burdin Jaian.
Autokarabanen topaketa, Burdin Jaian.
Abanto-Zierbenako meategietan lan egin zutenen omenez eta oroimenez antolatutako Burdin Jaiak hamaikagarren edizioa ospatu du bisitarien errekor berri batez: 10.000 pertsona.

Urte bakoitietan Gallartan antolatu ohi den ospakizun honek 10.000 pertsona inguru bildu zituen urriaren 11, 12 eta 13an Concha 2 meategiaren ondoko ertzean, 2017ko edizioan izandako bisitari kopurua gaindituz.

Bisitariek jardueraz betetako programa trinko batez gozatu ahal izan zuten meatzaritzaren tradizioa nahiz aire zabaleko meategietan jo eta ke jardun zuten meatzari eta txirteren lan nekaezina gogoratzeko. Hain zuzen ere, meategietan hil zuten guztien oroimenez, larunbatean, hilak 12, Isiltasunezko Martxa hunkigarria egin zen ilunpean, Meatzariaren Etorbidean barna, kandelen eta argiontzien argitara.

Jaialdiaren hiru egunetan, adin eta gustu guztietarako jarduerak antolatu ziren: musikariak eta buruhandiak, kalejirak, trenbidearen miniatura, meatzaritzako gaiei buruzko umeentzako tailerrak, erronkak eta apustuak, artisauen ofizioen erakustaldiak, bertsolariak, zuzeneko musika, sutegian erretako txorizoaren dastaketak, joko tradizionalak eta girotutako barrena-erakustaldia, besteak beste.

Gainera, asteburu osoan, nekazaritzako elikagaien merkatua antolatu zen, bertako saltoki, ostalari eta elkarteei beraien produktuak erakusteko aukera eskainiz.

Azkenik, meatzaritzaren jaia eskualdetik kanpo sustatzeko asmoz, aurten, autokarabanen topaketa antolatu zuten berriz ere, han-hemenkako (Andaluzia, Katalunia, Galizia, Extremadura, Asturias, Kantabria, Errioxa, Gaztela eta León…) 60tik gora ibilgailuren parte-hartzeaz.  “Jaso ditugun iruzkinak oso-oso positiboak dira”,  adierazi dute Enkarturretik, izan ere, erakunde hau arduratzen da Burdin Jaia antolatzeaz, herriko kultur eta gizarte elkarteekin, merkatari eta ostalarien elkarteekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta herriko eta eskualdeko enpresekin batera, Petronor tarteko dela.