mariposa_ortiguera2

Asunetako tximeleta, udako edertasun delikatua

Tximeleta paumarekin batera (Inachis Io), asunetako tximeleta (Algais urticae) Petronorren findegiaren inguruko zelaietan, inguruko mendietan eta Barbadun ibaiaren ertzetan bizi diren lepidoptero ikusgarrienetariko eta deigarrienetariko bat da. Inguru horietan ikus daiteke egan udaberritik udazken erdira arte.




Asunetako tximeletak tximeleta paumaren antzerako itxura eta ohiturak ditu (elikadura, bizimodua, etab.). Izan ere, familia berekoak dira, ninfalidoak. Arren itxura emeena bezalakoa da, ez dago sexu-dimorfismorik, beraz.

Aurreko hegoen goiko aurpegia gorri-laranja da, orban beltz handiekin eta goiko muturretik oso hurbil dagoen orban handi txuri bat dute, bai arrek bai emeek. Atzeko hegoen goiko partea ere gorri-laranja kolorezkoa da, eta hegoen ertzetan beltzez inguratutako puntu urdinak dituzte. Hegoen beheko partea, aldiz, beltza da, eta zona horixka bat du, zigzag eginez zearkatzen duen marra ilun batekin.

Handia dela esan dezakegu, Euskadin bizi diren gainerako espezieei begira. Aurreko hegoek 22 eta 25 milimetro bitartean neurtzen dituzte eta 45 eta 55 mm inguruan estaltzen dute irekita daudenean.

Espezie negutarra

Tximeleta pauma bezala, asunetako tximeleta ere negutarra da. Neguan, helduak erdi loak hartuta babesten dira zuhaitzen azalen artean edo enborren hutsuneetan, baserrien teilatuetan, edo haitzen arteko tarteetan.

Martxoko edo apirileko lehenengo egun eguzkitsuetan esnatu egiten dira eta haien babeslekuak uzten dituzte elikatzeko, ugaltzeko eta, emeen kasuan, erruteko, eta zeregin horretan hiltzen dira.

Heldua bihurtzeko krisalida sortzeko garaia iristen zaienean, kremasterretik zintzilikatzen dira aurretik hostoen beheko partera, asunen zurtoinera edo erdi-eroritako horma zaharretara lotu dituzten zetazko harietara.

mariposa_ortiguera1Gure zelaietan, eta baita Europaren hegoalde guztian ere, urtean bi belaunaldi izaten dituzte. Europa iparraldekoek bat bakarra, ordea. Lehenengo belaunaldiko ale helduak maiatzaren eta ekainaren artean ikus ditzakegu hegan, eta bigarren belaunaldikoak uztailaren eta abuztuaren bitartean.

Tximeletan honen habitat naturala asunez betetako zelai hezeak dira, itsas mailaren eta 2.000 metroko altitudearen bitartean daudenak. Oso hedatua dago, Europa osoan, Ipar Lurmuturrera arte, Errusian eta Pazifikoaren kostalderaino. Han, Buriles eta Sajalín uharteak ere hartu ditu. Ezin da Atlantikoko uharteetan ikusi, ordea, ezta Afrikako iparradean ere.

Euskadin lurralde guztietan dagoen espezie oso arrunta da.

BITXIKERIAK

mariposa_ortiguera3Emeek arrautzak erruten dituzte, asunen hostoen azpiko aldean, kantitate handiko multzoetan. Beldarrek jango dituzte asun horiek, Urtica urens eta Urtica dioica espezietako asunak, gehienbat. Beldarrak taldeka bizi dira, eta lehenengo mudetan, beraiek egiten duten zetazko estalki batez babesten dira.